"Gure ahotsak prest egongo dira kantatu behar den ekitaldi eta tokitan egoteko"

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 26a

Getariako Salbatore Abesbatzak urteak eman duenaren inguruko balorazioa egin du; besteak beste, eskaini dituzten saioen inguruko xehetasunak emanez.

Urtea amaitzear dela eta, Salbatore Abesbatzak ohi bezala nolabaiteko balantzea egin nahi izan du. Taldeak bi asmo nagusi ditu eta "aurten ere bi horiek bete ditugulakoan gaude". Alde batetik, herriko kaleetan usadio kantu giroa ez etetea, eta bestetik, "gure herriak, Getariak, abesbatzaren partaidetza interesgarri jotzen duen uneetan laguntzea". Egun, 40 lagun inguruk osatzen dute Salbatore Abesbatza, Ruben Mejutoren zuzendaritzapean; elizkizunetan, berriz, Jesus Aldalurrek zuzentzen diete.

2019an hainbat ekitalditan hartu dute parte. Batzuk, urterokoak izan ohi direla nabarmendu dute: elizkizunak, Zaharren Omenaldia, sanantonak, Xixili Donea, herriko auzoetan –San Prudentzion, Askizun, eta Meagan–  eta Eguberri kantak. Beste batzuk, ordea, urte honetan suertatu zaizkie: besteak beste, Urola Kostako Mankomunitateak antolaturiko Itsasotik herrira kontzertua Zarautzen, Elkanoren itsasoratzearen 500. urteurreneko jaialdia, ETBko Herria Dantzan saioko grabaketa edo Izan itsas zaindari ekimena.

Abesbatzaren bidea errazten duten guztiak eskertu nahi ditugu lerro hauen bidez: Udaletxea, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Deitura, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, eta Elkano Arraindegia. "Eta noski, 2020an bide beretik jarraitzea nahi genuke. Gure ahotsak prest egongo dira kantatu behar den ekitaldi eta tokitan egoteko. Urte berri ona opa diegu getariar guztiei, eta ez ahaztu: abebatzaren ateak beti daude zabalik kantatu nahi duten herritarrentzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide