EAJren zuzenketei ezezkoa emanez, behin betiko onartu dituzte ordenantzak

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 19a, 16:13

Getariako 2020ko Ordenantza Fiskalei lau zuzenketa proposamen aurkeztu zizkioten jeltzaleek, baina ez zituzten onartu astearteko ezohiko bilkuran, EH Bilduren kontrako botoekin.

Getariako ezohiko udalbatzarra (Aritz Mutiozabal)

Behin betiko onartu dituzte 2020ko Getariako Udal Ordenantza Fiskalak, astearte arratsaldeko ezohiko udalbatzarrean EAJk aurkeztutako hainbat zuzenketa proposamen atzera bota ondoren. Urrian egindako bilkuran, EH Bilduren aldeko botoarekin behin-behinean onartu ziren ordenantzak, zenbait aldaketarekin: zergei KPIaren igoera aplikatzea (%1,5a), etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50ko igoera ezartzea, eta obra handietan espedientea tramitatzea (400 euroko kostua), besteak beste. Hain justu ere, horien gainean eginiko zuzenketak aurkeztu zituen EAJk, baina EH Bilduren ezezko botoekin ez ziren aurrera atera.

Aitor Urresti bozeramaile jeltzailea arduratu zen zuzenketa proposamenak bilkuran azaltzeaz: «Proposamen hauek, Getariako herritarren bizi kalitatea bermatzeko oinarriak direla uste dugu». Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruz hiru puntu zehatz jarri zituen mahai gainean: alokairuan jartzen diren etxebizitzei %25eko hobariak izatea, eta alokatzen dutenak 35 urtetik beherakoak badira %35koa; etxebizitza turistikoei gutxienez %50eko igoera aplikatzea; eta komertzio txikiei %25eko hobariak aplikatzea.

EH Bilduren izenean, Haritz Alberdi alkateak adierazi zuen OHZren gaineko errekarguan erakunde publikoak –Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– egiten ari diren bidearen kontrakoa proposatu zuela Getariako EAJk, eta koalizioak %50koari eutsiko diola. Bestalde, etxebizitza turistikoei eta komertzio txikiei aplikatu nahi ziona «legez kanpokoa» zela nabarmendu zuen alkateak.

Aurreko urtean berrikusteko geratu zen gaia izan zen EAJren hurrengo puntua: Espazio Publikoen Tasak erabileraren eta aktibitatearen arabera banatzea. Horrez gain, Portuko eremuan ezartzen den TAOko tarifak berrikustea eta ordenantza berriaren eraginera moldatzea proposatu zuen. EH Bilduk, beste behin, ezezkoa eman zien bi puntu horiei, «ezer zehatzik» proposatzen ez zutelako.

EAJren laugarren eta azken zuzenketak ondorengoa planteatzen zuen: Sahatsaga kiroldegiko kuoten %27ko jaitsiera aplikatzea, pentsionistei, gazteei eta langabetuei. Alberdik erantzun zuen ezinezkoa zela hori, kontzesio bat dagoelako egun indarrean. «Baldintzak bete behar dira bestela hitzarmena hautsiko litzateke, eta kiroldegiaren kudeaketa daramana kaltetua irten eta udalari ondorio legalak ekarri», zioen alkateak. Era berean, hitzarmen berrirako kontzesio mota, kuotak, kuota motak eta abar aztertzen hasiak direla gaineratu zuen.


Adostasun falta
EH Bilduren ezezkoaren aurrean, Urrestik adostasunetara iristeko borondate politiko falta leporatu zion Udal Gobernuari, eta ezohiko batzarrera arte itxaron behar izan zutela batzordean eman ez zizkieten argudioak jakiteko. Alkatea ere zuzena izan zen hasiera-hasieratik: «Iraileko batzordean adierazi genizuen ezer idatzi baino lehen zuenak jaso nahi genituela gureekin batera. Eta adostasunetara iritsi. Urriko batzordean guk bakarrik aurkeztu genituen proposamenak, eta orain, abenduan, azken momentuan zatozte». Era berean, azpimarratu zuen proposamenak perspektiba desberdinetatik jasotzea eta adostea dela EH Bilduren estiloa, eta «hor bidelagun izango gaituzue!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide