Getariako Udalak aurkeztu du aparkamendu sistema berriaren proposamena

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 19a

Udalerriko bide publikoen bide publikoetan ibilgailuen aparkamendua eta gune jakin batzuen zirkulazioaren eta erabileraren zenbait alderdi arautzeko ordenantza zehazteko parte-hartze prozesuaren ondorioak aurkeztu zituzten atzo Getarian. Hogei pertsonatik gora elkartu zen Berdura plazan egindako bilkuran; prozesuan zehar herritarren kezkak eta ekarpenak jaso ondoren, behin-behineko proposamena aurkeztu zien udalak.

Zenbait helburu definitu zituzten herritarrekin egindako saioetan, besteak beste, getariarrentzako aparkalekuak egotea, kanpoko autoen fluxua moilara bideratzea, herriko aparkalekuak antolatzen laguntzea. Kezka horiei konponbide bat emateko asmotan garatu dute aparkamendu sistemaren proposamena.

Bisitariengan izango du eragin handiena sistema berriak. Getariako alde berrian, bi eremu izango dituzte erreserbatuta: Sahatsaga goiko aparkalekua, batetik; eta Euskaltxeta eta Gotzonen karrozeria aurreko zabalgunea, bestetik.  Eremu horietan lau orduz aparkatu ahal izango dute kotxea, gehienez ere. Nolanahi ere, alde berriko kaleetan doan utzi ahal izango dute kotxea kanpotarrek, ordubetez edo ordu eta erdiz. Beraz, egonaldi luzeetan moilan utzi beharko dute ibilgailua bisitariek.

Harritarten, aldiz, orain indarrean den sistemak jarraituko du. Alde zaharreko dendetan erosketak egitera bultzatu nahi dituzte bizilagunak, eta horretarako, denbora tartea luzatzea ere proposatu dute. Hala ere, ez dute oraindik denbora hori zenbatekoa izango den finkatu. Moilan egoiliarrentzako eremu bat gorde nahi dute; Eusko Jaurlaritzarekin negoziatuko dute hori, moila arautzeko eskumena Portu Zuzendaritzari baitagokio.

Bestelako ibilgailuen inguruko araudia ere landu dute: motorrek, esaterako, bizpahiru aparkaleku izango dituzte Herrerietan, eta alde zaharreko aparkalekua ere mantenduko dute. Karabanen kasuan, auto arrunt bezala hartuko dituzte, eta horien arau berberak jarraitu beharko dituzte.

Herriarteko aparkalekua kudeatzeko erabiltzen den sistema berbera erabiliko dute: kamerak. Udalaren hitzetan, jasangarritasun ekonomikoa eta erraztasuna dira kudeaketa sistema horren alde egiteko arrazoiak. Behar diren tokian kamerak instalatuko dituzte, kotxeen matrikulak irakurtzeko. Autoen denborak kontrolatuko dituzte kameretako software informatikoek, mugak gainditzen badira, automatikoki isunak ipiniz.

Jarraipena eta ebaluazioa
Ordenantza idatzi, onarpena eman eta aparkamendu sistema berria ezartzeko lanak egingo dituzte datozen hilabeteotan. Hala eta guztiz ere, 2020ko udarako nahi dute aplikatu. 2021etik aurrera, Aste Santutik irailaren 30era arte izango da indarrean. Aparkamendu sistemari behar bezalako jarraipena egin nahi diote hobetzeko, eta herritarrekin batera baloratu ere egingo dute, 2021eko udazkenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide