Getariako Udalak 3,6 milioi euroko aurrekontua onartu du 2020rako

Maria Maya Manterola 2019ko abenduaren 12a

Horietatik 443.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. EH Bilduren aldeko bost boto eta EAJren aurkako lau jaso ditu aurrekontua. Proposamenak gehituko dizkio EAJk.

Getariako Udalak azaroko ohiko udalbatzarrean 3,6 euroko aurrekontua onartu du 2020rako, behin-behinean, EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren lau ezezkorekin. Horietatik 1.267.292 euro pertsonal gastuetara bideratuko dira –lau lanpostu publiko sortuko dituzte–, 306.000 euro elkarte eta eragiletara, 2.000 euro zerbitzu, prebentzio eta drogomenpekotasuneko programara eta 442.764 euro inbertsio errealetara.

Getariako Udal Gobernuak jakinarazi duenez, aurrekontuak osatzeko kontuan izan dituzte Guztiok 1! parte hartze prozesutik ateratakoak eta udala osatzen duten bi alderdien ekarpenak.

EAJren udal taldeak, bere aldetik, aurrekontuei ezezkoa emateko arrazoiak azaldu ditu ohar bidez. Aitor Urresti bozeramaileak aipatutakoaren arabera, EH Bilduk ez du batzordean zehaztutakoa udalbatzarrera eraman. Koalizioari egotzi diote igo izana herritarren zergak eta liberatuen eta alkatearen soldatak, baita aurrekontuak osatzerako orduan «aurreikuspen faltarekin» jokatzea ere. Bestetik, aurrekontuetan proiektu sendoak zeudela ikusita, eskaturiko dokumentazioa aurrez ikusteko aukerarik eman ez dietela ere esan dute jeltzaleek.

Proiektu sorta lantzen

Abenduaren 26ra arte izango da jendaurrean aurrekontua, eta inork alegaziorik aurkeztu ezean, behin betiko onartuta geratuko da.

Hala ere, EAJk jakinarazitakoaren arabera, aurrekontuak hobetzeko hainbat proposamen egin dizkiote dagoeneko EH Bilduri. Datozen egunetan aurkeztu, adostu eta behin betiko aurrekontuan txertatzea da beren asmoa.

Proposamen horien artean dira, besteak beste, parke estalia egiteko proiektua, kale garbiketa eta Gaztedia Sailera bideratutako partidak.

Inbertsio nagusiak

Haur Hezkuntzako jolastokia berritzea. 206.000 euro.

Arano eta Elkano kaleetan irisgarritasuna hobetzeko lanak. 42.000 euro.

Herri mantenu eta hobekuntza lanak. 45.000 euro.

Herri bideen konponketak. 20.000 euro.

Sahatsagako bideko lanak. 50.000 euro.

Arau subsidiarioak eta irisgarritasun plana. 25.000 euro.

Aparkamenduen prozesutik irtendakoa gauzatzeko. 5.764,33 euro.

Elkano eta Mundubira. 20.000 euro.

Ekipo informatikoak eguneratzea. 4.000 euro.

Guztira. 442.764 euro

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide