Irteera argiak izenburuak larrialdietako ateen metafora bat dirudi. Ihesbide bat bezala izan al da zuretzat diskoa?
Baneukan nahi bat abestietan planteatzen nituen gaiei aurrez aurre begiratzekoa, eta ez ihes egitekoa. Aurrez aurre jarri, sentitu eta nire barruko gelak irekitzekoa, baina hor ez geratzekoa. Argirantz joatekoa, nolabait ere. Diskoan ageri diren hainbat gai pisutsuak edo sakonak dira, eta ez nuen hor geratu nahi. Sakonkeriatik aldendu eta arintasunerantz joateko gogo bat dago, betiere gaiak abordatuz bere osotasunean. Orduan, irteera argien kontzeptuak ongi biltzen zuen ideia hori. Azkenean, salbaziorantz edo irteerarantz bidea markatzen digutenak dira.
Iluntasun hori non sentitu duzu? Zerk bultzatu zaitu argirantz joatera?
Bizitzaz hitz egiten dut, heriotzaz, maitasunaz... Horien ertz guztietara joateko nahi bat zegoen. Batzuetan bilaketa horretan topo egiten duzu zure zalantzekin, zure beldurrekin, eta horiei aurre egiteko beharra sentitu dut, emozio horiek guztiak sorkuntzarako erabiliz. Iruditzen zait gai unibertsalak aukeratu ditudala, baina nire kasuan, nolabait esateko, diskorik pertsonalena da. Esaterako, nire bakarkako lehen lanean deserriari buruz hitz egin nuen, eta oraingo honetan, berriz, azkeneko urteetan ukitu nauten gauzei buruz.
Argi-ilunei buruz?
Kasu honetan, iluntasunari ez nioke konnotazio negatiborik emango. Garbi daukat disko honen oinarrian badagoela argiaren eta ilunaren arteko oreka bat. Horren bila joan naiz, badaudelako tonu grabeagoak ahotsetan, giro ilunagoak musikalki, arantzatsuagoak izan daitezkeen gai batzuk... Baina, aldi berean, melodiak oso argiak dira, batzuetan inguratu naizen musikariek ere argi asko dutelako. Beraz, argirantz eta ilunerantz jotzen du diskoak, baina ez argia gauza on bezala eta iluna gauza txar bezala ulertuta. Gauza orok bizitzan argitik eta ilunetik dute, eta gauzak bere osotasunean begiratzen ditugunean dira benetakoak eta sinesgarriak. Horren bila aritu naiz, eta puntu interesgarri bat aurkitu dut, non gerturatu naizen gaietara ez euforiatik ezta dramatik ere, baizik eta beste nonbaitetik.
Zuk esana da puntu horretara iristeko oso bakardadetik ekin diozula prozesuari.
Bai. Analisi hori orain egiten dut, eta ez dakit zer puntutaraino izan den hain kontzientea. Orain badirudi guztiz pentsatua neukala, baina ez da horrela izan. Pixka bat senetik atera da. Ken Zazpirekin hainbat urte egin ostean, Deserriko kantak diskoarekin sentitzen nuen deseraikitzeko halako behar bat, eta disko honetara iristeko deserri hartatik pasatu behar izan nuela ikusi dut. Gero, Harian-en soka boskote batekin aritu izan naiz, eta iruditzen zait bazegoela zaurgarritasun horretan helduleku berriak hartzeko nahia. Uste dut bizitzan, beste esparruetan bezala, ezagunak ditugun bideetatik aldentzen garenean, larrialdi egoera horietan bat-batean ateratzen ditugula indar eta dohain batzuk beti harritzen gaituztenak. Eta zure burua artistikoki egoera horretan jartzea oso interesgarria dela iritzi diot: azken urteetan horretan ibili naiz, eta disko honekin eraikitzen etorri naizela sentitu dut, ikasi dudan guztia islatuz edo ordenatuz.
Comfort egoeratik aldendu zara, beraz, eta diskoan entzuten dena zeu bazara ere, bestelako Eñaut Elorrieta bat da.
Sentitzen dut bibratzen dudan frekuentzia berean dagoela disko berri hau, eta zentzu horretan oso pozik nago. Sortze prozesuan saiatu naiz artifizioetatik ihes egiten. Obsesionatu egin nau horrek: kantu guztiak dira ahotsarekin eta gitarrarekin defendatzeko modukoak, hain zuzen ere. Hori, adibidez, ardatz bat izan da azken urteetan nire lanean. Grabazio estudiora joan naizenean lagundu nauten musikariak oso kreatiboak dira eta horiek abestiak jantzi egin dituzte, baina betiere saiatu gara mantentzen soiltasun bat, benetakotasun bat. Ez diogu diskoari gehiegizko ediziorik egin, eta ahalegindu gara zuzeneko izpirituari eusten. Soila, delikatua, zintzoa eta, aldi berean, oso sendoa da lana, niretzako oso benetakoa delako, eta ez bakarrik mezuetan, soinuarekin ere gauza bera lortu dugulako.
Baina, era berean, esperimentaziorako tartea izan duzue grabatzeko orduan.
Prozesu guztia oso zaindua izan da –orain arte ez bezala, diskoaren alor guztiari jarri diot arreta berezia–, baina, aldi berean, freskotasun bat dauka guztiak. Horretarako, adibidez, saiatu naiz estudiora abestiak irekita eramaten. Beraz, bertan musikari guztiok elkarrekin jotzen hasten ginen eta espontaneoki esperimentazioz sortu ziren gauzarik ederrenak bildu dira. Nire aurreko lanetan estudiora gauzak oso itxita eraman ditut, eta sorkuntzatik baino erreprodukziotik izan dute gehiago. Oraingo honetan, aldiz, sorkuntza partekatu bat gertatu da musikariekin, eta beraien ekarpenak eta beraiekin sortu diren une magikoak jasota geratu dira diskoan. Esperientzia hori berria izan da niretzako, eta, egia esan, Irteera argiak hau ez litzateke inolaz ere berdina izango Ruben Caballero, Maite Larburu, Borja Barrueta eta Fernando Reina gabe.
Oraingo honetan ere zure testuak tartekatu dituzu idazle ezagunen idatziekin. Hor daude Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Uxue Alberdi eta Jose Luis Otamendiren hitzak.
Azken urteetan erronka bat izaten ari da nire ahots propioa bilatzea idazterakoan. Gustuko dut, eta gero eta gehiago idazten ari naiz. Hor bide bat egiten ari naiz, baina oso interesgarria iruditzen zait zure barruko egiak eta sentimenduak beste norbaiten hitzetan ikustea. Adibidez, Sarriren olerkien atzean dagoen musika hori beti egin zait ezagun edo sentitu naiz gai nire begietatik musika hori irakurtzeko. Otamendirekin gauza bera gertatzen zait. Gainera, ikaragarria da maitasunaz hitz egiteko duen gaitasuna, ertz horietatik guztietatik; bizitza ulertzeko duen modu hori oso nire sentitzen dut. Atxagaren pasarteekin edo Uxueren hitzekin ere gauza bera gertatzen zait, guztiz identifikatuta sentitzen naiz. Idazle horiekin lan egiten dudanean, beraiengandik ikasten dut, eta, ondoren, hobeto idazten dut. Luxu bat da beraiekin elkarlanean aritzea, eta hitzak beraienak badira ere, jada nire egin ditut.