Azaroaren 26an, Getariako Udalak eta Elkano Fundazioko Portugalgo Ponte da Barcako ordezkariak hartu zituzten Getarian, Elkanoren mundubiraren bosgarren mendeurrena dela eta, bata zein bestea antolatzen ari diren egitasmoak partekatzeko. Hala, elementu amankomunak bilatu eta lankidetzarako lan lerroak aztertu zituzten.
Elkano 500 Fundazioak bertako zein nazioarteko eragile publiko eta pribatuen lankidetza sustatu nahi du proiektuak garatzeko orduan. Izan ere, lehen mundubiraren gertakari historikoa ulertu eta bere osotasunean landu ahal izateko, Getariako Udalak eta Elkano Fundazioak "ezinbestekotzat jotzen dute beste perspektiba batzuk ezagutzea eta beste herrialde batzuei ahotsa ematea". Besteak beste Patagonia, Filipinak, Cabo Verde edota Portugaleko ikuspegia ezagutu nahi dituzte eta, hori dela eta, Euskaditik kanpora ere Fundazioak lankidetzarako aukerak aztertu ditu.
Euskaldunak eta portugaldarrak mundubiran
Elkano Fundaziotik azaldu dutenez, 1519ko abuztuaren 10ean, 238 gizon ontziratu ziren espezien irletara merkataritza-bide berriak irekitzea helburu zuen espedizioan, eta espedizio hark munduaren inguruko lehen bira burutu zuen. "Horietatik 31 gizon euskaldunak ziren, eta 24, portugaldarrak. Horien artean zen Fernando de Magallanes, Victoria naoko eta armadako kapitaina izan zena Mactan (Filipinak) irlan hil zen arte".
Portugaldarra hil eta gero, Elkano izendatu zuten Victoriako kapitain, eta ontzi horrekin eman zion bira lurrari, irletara iristeko egindako bide bera egin beharrean, Moluketatik itzultzeko mendebalderantz nabigatzea erabaki baitzuen.