Arrantzaren Nazioarteko Eguna baliatu dute Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren Izan itsas zaindari! kanpaina aurkezteko. Getarian egin du geldialdia arrantza iraunkorra eta kontsumo arduratsua bultzatzea helburu dituen kanpaina ibiltariak, gaur eguerdian. Izaskun Suberbiola Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendariak adierazi duenaren arabera, garaian garaiko arraina kontsumitzearen garrantziaz ohartarazi nahi dute; era horretan, bertako arrantza sektorea bultzatzeaz gain, ingurumena babesten delako.
Suberbiolarekin batera hartu dute parte ekitaldian Haritz Alberdi Getariako alkateak, Miren Garmendia Itsas Garapenerako Koordinatzaileak, Emeterio Urresti Elkano Kofradiako presidenteak, Koro Mugika Zumaiena Ikastetxeko zuzendari pedagogikoak eta Monika Aranburu Iturzaeta herri Eskolako zuzendariak.
"Kanpainaren helburuen artean dago arrantza herritarrengana hurbiltzea eta ezagutza areagotzea, arrantza mundua ezagutzera ematea modu berezi eta erakargarrian, eta arrantza sektorean parte hartzen duten agente ezberdinei protagonismoa ematea", nabarmendu du Suberbiolak ekitaldiko hitzartzean. Kanpainaren bitartez, sektoreak barnebiltzen dituen hainbat gai jorratu dituzte Iturzaetan eta Zumaienan. Haritz Alberdik, bere aldetik, ontzia Getariako portuan izatea "plazer bat" dela nabarmendu du: "Plazer bat da ontzia hemen izatea, eta ez irudi bezela soilik; plazer bat da haurrekin eta herritarrekin lanketa hori egiteko aukera izatea". Mendeetan zehar portuak herrian izan duen garrantzia azpimarratu du, eta datozen urteetan ere hala izatea gustatuko litzaioke alkateari. Horretarako, ezinbestekotzat jo du Alberdik itsasoa zaintzea. Elkanok munduari bira eman zionetik bost mende igaro direla ere gogoratu du alkateak, eta nabarmendu du hori gertatu dela herriak historian zehar izan duen itsas-kultura medio.
Garmendiaren hitzetan, arrantzaleak ehiztari moduan ikusi izan badira ere, itsasoaren zaindariak dira. Jasangarritasunaren aldeko apustua egin dutela nabarmendu nahi izan du Itsas Garapenerako Koordinatzaileak. Apustu hori balorean jarri eta kontsumitzaileei jasangarritasun hori bermatzen dela ikusarazi nahi die. Bestetik, kudeaketa planak zientzialarekin batera garatu dituztela ere aipatu du Garmendiak.
Aurkezpena baliatu dute Jose Mari Etxegoien Mater ontziko armadoreen ordezkari ohiari eta Emeterio Urresti Elkano Kofradiako presidenteari urteotan egindako lana aitortzeko. Hala, Mater 2019 Itsas Zaindari Aitortza jaso dute biek, Izaskun Suberbiolaren eskutik.
Bisitak, bihar arratsaldera arte
Ontziko museoan barrena ibiltzen lehenak Iturzaetako eta Zumaienako ikasleak izan dira. Garaian garaiko produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz ohartaraziteko informazio praktikoa jaso dute haurrek. Hala eta guztiz ere, herritarrek ordubeteko bisitak egiteko aukera izango dute gaur eta bihar arratsaldean, 16:30etik 17:30era eta 17:30etik 18:30era.
Kanpainak lau hilabete iraungo ditu, eta guztira, lau herritan izango da. Getariako egonaldiaren ondoren, Orioko kaian botako du aingura, abenduaren 4, 5 eta 6ean.