EH Bilduk koalizioan lan egiteari uko egin izana salatu du Getariako EAJk

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 21a

"Mesfidantzak eta alderdikeriak" alde batera utzi behar direla uste dute jeltzaleek, herrian oinarritutako proiektu komuna gauzatzeko. EH Bilduk "elkarlanerako ateak irekita" ditu.

Bost hilabetetako negoziazioaren ostean, Getariako EH Bilduk EAJrekin batera herriaren alde koalizioan lan egiteari uko egin diola salatu dute jeltzaleek.

Haien hitzetan, udal hauteskundeak pasa ondoren, EAJk EH Bilduri proposatu zion Udal Gobernua koalizioan osa zezaten. Aitor Urresti jeltzaleen bozeramaileak, gainera, adierazi du agintaldi honetan Getariak "proiektu oso garrantzitsuak" dituela eta "mesfidantzak eta alderdikeriak" alde batera utzi behar direla, herrian oinarritutako proiektu komun bat elkarlanean gauzatu dezaten.

Udal batzordeak lau ildo estrategikoetan lantzea jasotzen zuen EAJren elkarlanerako proposamenak, alderdi bakoitzak batzorde bateko lehendakaritza izanda. Liberazioen gaineko proposamena ere egin zuten; bigarren liberazioa bi alderdien artean banatzea. Udalbatzarrak bi hilean behin eta batzordeak hilero egitea ere proposatu zuten.

Hala eta guztiz ere, proiektu bateratua garatzeko pausuak eman direla nabarmendu du Urrestik: "Proiektu askotan, sintonia oso positiboa izan dugu bi alderdiok; ados jarri izan gara gehienetan".

Adostasunak adostasun, jeltzaleek salatu dute Haritz Alberdi Getariako alkateak negoziaketari amaiera eman ziola azaroaren 4an egin zuten bilera batean. "EH Bilduren eta Haritz Alberdiren izenean, elkarlana atzera bota zuten, argudiatuz oraindik bide asko dagoela egiteko eta pertsonen arteko mesfidantzek ez duela laguntzen elkarlanerako bide horretan".

Jeltzaleen hitzetan, "ez da erraza koalizio gobernu bat aurrera eramatea", baina Getariak eta getariarrek herri proiektu bateratu bat behar eta merezi dutela uste dute. Hala ere, oposizio eraikitzailea egingo dutela diote: "Herritar guztientzako onura lortzea da gure helburua, pertsonak baitira gure erdigune". Getariarren egunerokotasuna "maila orotan" hobetzeko konpromisoa berretsi dute.

EH Bilduk ateak irekita ditu elkarlanerako
Hauteskundeen ondoren, udalen osaketan eta lehen udalbatzarrean gertaturikoa gogoratu nahi izan du EH Bilduk. Udalaren osaketari eta antolaketari dagokionez, harremanak izan zituzten bi alderdiek. Hain zuzen ere, koalizioak gogora ekarri du uztailaren 10eko udalbatzarrean aurrez zehaztutako akordioa atzera bota zutela jeltzaleek. Hala, akordioa bertan behera geratu aurretik zuen proposamen hari eustea erabaki zuen EH Bilduk. EAJren gutuna jaso zuten ondoren, datozen lau urteetarako alderdi bakoitzeko kide batekin negoziazio komisioa osatu, eztabaida ireki eta lan akordioa sinatzeko.

"Agintaldiko programan zentratzea" da orain koalizioaren zeregina. Adierazi dute edukietan "adostasun maila handia" dagoela, eta jeltzaleek ere iritzi bera izatea espero dutela. Horrez gain, esan dute adostasun horrek "iparra markatuko duela". Haien hitzetan, batzordeen banaketan eta liberazioetan ez dira bat etorri.

Agintaldian zehar lankidetzarako eta elkar ulertzeko "prestutasun osoa" duela nabarmendu nahi izan dute koalizioko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide