Getariako Udalak parte hartze prozesua abiatu du herriko aparkaleku arazoari irtenbidea emateko. Pasa den ostegunean egin zuten lehen saioa, Berdura Plazan, eta 50 lagun inguru bildu ziren hitzorduan. Ibon Gereka parte hartze batzordeburuaren arabera, "herrian aparkatzea arazoa bihurtu da azken urteetan getariarrentzat, eta horri irtenbidea emateko ordenantza berria egin nahi du udalak. Hala, gaiak getariarrei zuzenean eragiten dienez, erabaki genuen parte hartze prozesuaren bidez herritarren iritzi eta proposamenak jasotzea".
Zinegotziaren esanetan, lehen saioan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, "parte hartzea bikaina" izan zen. "Saioa hasi baino lehen txingorra bota zuen arren, jendea bertaratzera animatu zen, eta Berdura Plaza bete egin zen. Benetan pozgarria da herritarrak talde txikitan banatuta herriarentzat horren garrantzitsua den gaiaz hausnartzen ikustea. Parte hartze horrek erakusten du aparkaleku arazoa pil-pilean dagoen gaia dela herrian, eta jendeak bere iritzia emateko gogoa duela".
Ostegunean bigarren saioa
Hasiera batean parte hartze prozesua bi saiotan egitea aurreikusi zuen Getariako Udalak, baina gaiak duen konplexutasuna ikusita hiru saiotara zabaltzea erabaki dute. Lehen saioan herriko aparkalekuen testuingurua azaldu zuten. Izan ere, egun hiru aparkaleku sistema dituzte herrian: Alde batetik, portuko aparkalekua, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren bidez, Getariako Udalak kudeatzen duena. Bestetik Alde Zaharreko aparkalekuak, txandakako sistema bidezkoak, eta azkenik Alde Berriko aparkaleku eremua, librea dena. Hain zuzen, N-634 errepidetik gora dagoen eremuan ezarriko den aparkaleku ereduaz hausnartzen ari dira parte hartze prozesuan. Ostegunean egingo duten bigarren saioaren helburua berriz, aparkalekuaren antolamendu berriaren lehen diseinua egitea izango da.
Ibon Gerekaren arabera, bi arazo dituzte Getarian. "Alde batetik, azken urtetan ibilgailu kopuruak gora egin du herrian, baina aparkaleku kopurua mugatua da. Eta bestetik, udan eta jai egunetan herrira etortzen diren bisitari asko herriaren alde berrian aparkatzeko ohitura hartzen ari dira, portu inguruan TAO sistema martxan izaten delako. Horrek, bizilagunei aparkatzeko arazoa sortu dizkie". Horregatik, berriz ere bisitarien fluxua moilara bideratu nahi du udalak, ahal den neurrian.
Egun, 1390 kotxe, 441 motor eta 16 kamioi daude Getarian. Alde Berrian 396 aparkaleku, 27 hilerrian, 16 Harritarten eta 957 moilan. Horrez gain, 736 garaje plaza pribatu ere badaude.
Irizpideak
Aparkalekuen ordenantza berriarekin arazoari erabateko irtenbidea emango ez bazaio ere, "herritarrak babestea" da Getariako Udalaren asmoa. Gainera, "parte hartze prozesuan ateratzen diren irizpideak ordenantzaren ardatz" hartzeko konpromisoa ere hartu du udalak. "Aurretik terrazen gaia ere modu honetan jorratu genuen, eta oso esperientzia ona izan zen. Gainera, prozesuan hartutako irizpideak kontutan hartzeak, prozesua bera indartu egiten du, eta herritarrak parte hartzera animatzen ditu".