Getarian pilota indartzen ari dela nabarmendu du Gure Txeruk

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 14a

Pilota denboraldia martxan da jada Getarian. Kimu mailako pilotari gazteek hasi dituzte entrenamenduak, eta federatutakoek baita lehiaketak ere. Horiei gehitu behar zaizkie urrian hasitako pilota ikastaroak.

Guztira 55 pertsona ibiltzen dira pilotan Getarian. Gure Txeru pilota elkartekoen esanetan, «Getaria bezalako herri baterako, eta den kirola izateko, kopuru izugarria da». Kirol hori Getarian indartu egin dela nabarmendu dute elkarteko kideek. «Adibide garbia da kiroldegian izaten den entrenamendu kopurua eta horrek ekartzen duen umeen eta gurasoen mugimendua. Aurtengo denboraldian astelehenetik larunbatera bitarte egunero dugu pilota kiroldegian, izan entrenamendu, izan partida».

Pilotan aritzen diren 55 pilotarietatik 22 federatutakoak dira. «Kostako da marka hau berdintzea», azpimarratu dute. Federatu horietatik erdia, 11, kimu eta infantil mailetakoak dira. «Ikusi egin behar gaztetxo horiek non bukatzen duten, pilotaz gain eskubaloian edota futbolean ere badabiltza eta».

Zarauzko pilotariek ere presentzia handia dute Getariako pilota elkartean. Izan ere, aurten 17 zarauztar dituzte elkartean. «Urtetik urtera gero eta jende gehiago datorkigu, han pilota elkarterik ez baitago. Kopuru benetan ikusgarriak dira honelako klub batentzat. Guri lan gehiago ematen digu, noski, baina aldi berean, oso gustura gabiltza, jendeak pilotarekiko duen zaletasuna igotzen doalako eta estimatu egiten dutelako egiten ari garen lana, bai herritarrek, bai beste herri batetik datozenek», adierazi dute Gure Txeru elkartekoek.

Pilota elkartetik dei egin diete herritarrei ekintzetan parte hartzera. «Batez ere, kiroldegiko partidak ikustera joatea eskatzen dugu, normalean jende gutxi eta betikoak batzen baikara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide