Getariako Gure Txeru Pilota Elkarteko kideak pilota denboraldian murgilduta daude. Gaztetxoek irailean abiatu zituzten entrenamenduak, eta federatuta dauden pilotariak txapelketa jokatzen ari direla azaldu dute elkarteko arduradunek. Horrez gain, Pilota Eskolakoek urrian ekin zioten lanari. Denera, 55 pilotari arituko dira aurtengo denboraldian Gure Txeru Pilota Elkartean, eta elkarteko kideak "oso gustura" daude parte hartzearekin. "Herritarrek pilotarekiko duten zaletasuna handitzen ari dela ikus daiteke, baita gure lana estimatzen dutela ere". Hala, urteek aurrera egin ahala Getarian pilota hazten ari dela uste dute. "Gero eta haur gehiagok ematen dute izena Pilota Eskolan, eta aurtengo denboraldian astelehenetik larunbatera egunero izango dugu pilota eskaintza kiroldegian, entrenamenduak nahiz partidak direla".
Gainera, hamazazpi pilotari zarauztar ere badituzte elkartean. "Zarauztik gero eta pilotari gehiago etortzen zaizkigu elkartera, han pilota elkarterik ez dagoelako, eta guretzat garrantzitsua da, herritik kanpo ere gure lana aintzat hartzen dela ikustea".
Aurten, elkarteko 55 pilotarietatik, 22 federatuak dira. Hasiera batean etorkizuna bermatuta dagoela dirudi, baina elkartetik azaldu dute, alebin eta infantil mailako pilotariak direla asko, 11 guztira. "Ondorioz, ikusi egin beharko da datozen urtetan gaztetxo hauek pilotan jokatzen jarraituko ote duten, eskubaloian eta futbolean ere aritzen dira-eta. Dena dela, kostako zaigu marka hau berdintzea".
Berrikuntzak
Aurtengo denboraldira arte Segundo Alkorta izan da elkarteko delegatua eta arduraduna, eta elkartean hainbat kargu ere bete ditu. Dena dela, aurten Xabier Etxaniz gazteari pasako dio lekukoa Alkortak.
Afizioa
Elkarteko pilotari kopurua goraka doala ikusita, herritarrak herriko pilotan parte hartzera animatu dituzte elkartetik. "Kiroldegiko partidak ikustera joatea nahiko genuke, normalean jende gutxi joaten baita eta betikoak biltzen baikara partidetan". Gainera, herritarren batek elkartean parte hartu nahiko balu, ongi-etorria izango dela nabarmendu dute Gure Txeru Pilota Elkarteko arduradunek.