Herriguneko aparkalekuen sistema arautzeko parte-hartze prozesua jarriko dute abian Getarian

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 5a

Bi bilerako prozesua antolatu du udalak. Bilerak azaroaren 14an eta 21ean egingo dira, biak ere Berdura Plazan.

Getariako udalerriko bide publiko jakinetan ibilgailuen aparkamendua eta gune jakin batzuen zirkulazioaren eta erabileraren zenbait alderdi arautzeko ordenantza zehazteko prozesua herritarren partaidetzarekin prestatu nahi du udalak.

Udaletik adierazi dutenez, ordenantza honen xedea trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzea izango da eta oreka handiagoa lortzea herriko hainbat zonatan aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren artean.

Herritarrekin egingo diren saioetan ondorengo galderei buruzko hausnarketa eta erantzuna adostea izango da helburu nagusia. Hala, bost galdera zehatzei buruz iritzia eskatuko dute: zein den aparkamenduen inguruan Getariak dituen arazoen jatorria; zein soluziok emango dioen herritarren aparkatzeko beharrei; egokia al den kanpoko autoen fluxu guztia moilara bideratzea; TAO sistemak arazoa arintzen lagunduko al duen; eta bestelako modurik ba ote dagoen Getariako aparkamenduaren gaia antolatzeko. 

Horretarako herritar guztientzat irekiak diren bi bilerako prozesua antolatu du udalak: lehena azaroaren 14an egingo dute egoera aztertu eta sistema egokiena aukeratzeko, eta bigarrena azaroaren 21ean izango da, lehen bileran hartutako erabakiaren garapena egiteko. Biak Berdura Plazan izango dira arratsaldeko 18:30etik 20:30era

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide