Nazioarteko Astronomia Batasunak (IAU) mundu osoko ehun herrialde baino gehiagori planeta sistema bat (exoplaneta eta haren izar anfitrioia) izendatzeko aukera eman die, erakundearen mendeurrena ospatzeko. Espainiari HD 149143 izarra eta HD 149143 b planeta egokitu zaizkio izena emateko. Planetak gutxienez Jupiteren masa baino 1,33 aldiz handiagoa du. Izarra, aldiz, teleskopio txikietatik ikus daiteke.
Iruñeko Planetarioak, Espainiako Astronomia Sozietatearekin eta Nazioarteko Astronomia Batasunarekin elkarlanean, izen horiek herritarrek erabakitzeko kanpaina abiatu du. Astronomo profesionalek eta zaletuek proposatutako aukeren artean, Iruñeko Planetarioak ondokoak proposatu zituen: Elkano izena izarrerako, eta Victoria haren inguruan orbitatzen duen exoplaneta izendatzeko.
Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina Virginia Gartziak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko zuzendariak; Javier Armentiak, Iruñeko Planetarioko zuzendariak; eta Rafa Zulaikak, Elkano 500 Fundazioko proiektu koordinatzaileak. Euskal herritarrak animatu dituzte http://nombraexoplanetas.es/ webgunean Elkano eta Victoria izenen aldeko botoa ematera.
Virginia Gartziak prentsaurrekoan azaldu du historian zehar ezagutza astronomikoek izandako garrantzia: “XVI. mendean itsasontziek ez zuten orientatzeko gailu elektrikorik eta, ondorioz, nabigatzaileek eguzkia eta izarrak erabiltzen zituzten. Lurraren mugimenduei behatuta ikasi zuten hori erreferentzia gisa erabiltzen kostaldea bistatik galtzen zutenean”.
Javier Armentiaren hitzetan, “deialdi hau ehun herrialde baino gehiago batzen gaituen zerbait bihurtu da; zeruari beste era batera begiratzea, oihartzun historikoekin amets egitea eta azken mende-laurden honetan aurkitu ditugun mundu arakatuei izena ematea ahalbidetzen digu”. Gainera, horren urrun dagoen zientzia hori jendearengana gerturatzeak eta haien iritzi eta irizpideak ere jasotzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Elkano 500 Fundazioko Rafa Zulaikak aipatu duenez, munduari emandako lehen itzuli hark gizartearentzat “garrantzia handia" izan zuen arren, Elkano eta “espedizio hartan euskaldunok izan genuen rol esanguratsua ez dira mundu osoan behar adina aitortu edo ezagutu”. Horrekin lotuta, Fundazioaren ustez “gertakari haiei buruzko ezagutza berriak sortzea bezain garrantzitsua da haiek zabaltzea”. Kasu honetan, astronomiaren bidez nahi diote eman zabalkunde hori. Hala, eskerrak eman dizkie Iruñeko Planetarioari ideiagatik eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eskainitako laguntzarengatik. Izan ere, “hunkigarria litzateke Elkanok eta Victoriak berriro ere munduari bira ematea eta zeruan haien tokia topatzea”, gehitu du.
Bozketaren emaitzak abenduaren erdialdean jakinaraziko ditu Nazioarteko Astronomia Batasunak, gainerako herrialdeek hautatutako izenekin batera.
HD 149143
Herrialde batek izar bati izena eman ahal izateko eskakizun bakarra da nazio bakoitzak izendatutako izarra bere lurraldetik ikusgai egotea eta teleskopio txikien bidez behatu ahal izateko behar adina distiratsua izatea.
HD 149143 izarra N2K kontsortzioak aurkitu zuen metal askoko izarren inguruan periodo laburreko gasezko planeta erraldoien bila ari zela. HD 149143 b planetak gutxienez Jupiterrekoa baino 1,33 aldiz handiagoa den masa du eta lau egun bakarrik behar ditu bere izarraren inguruan orbitatzeko.