Shalva Jokhadze eta Aritz de Larreategi getariarrek igandean Eibarko Ipurua kiroldegian jokatu zen taldekako infantil mailako Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua lortu zuten. Getariako Judo Eskolatik kontatu dutenez, "bi judoka hauek txikitatik tatamian ibili dira eta orain urte luzeetako lanaren fruitua jasotzen hasi dira".
Taldekako txapelketa honetako arauen arabera, infantil mailako pisu ezberdinetako bost judokak hartu behar dute parte (-46 kilo, -50 kilo, -55 kilo, -60 kilo eta +60 kilo kategorietan). Horrela, talde bakoitzeko pisu bereko kirolariak elkarren aurka lehiatzen dira. Azkenean, bost lehia horien artean gehien irabaztea lortzen duen taldea izaten da garailea.
Kasu honetan, bi getariarrak Zarauzko taldearekin aurkeztu ziren txapelketara: Shalva, 55 kilo azpiko kategorian eta Aritz, berriz, 60 kilo baino gehiagokoan. Biek hiru borrokaldi egin zituzten: Shalvak hirurak, ippon bitartez, arrakasta handiz irabazi zituen. Aritzek, berriz, hirutik bi irabaztea lortu zuen. Getariako eskolatik esan dutenez, "maila handiko judoa ikusteko aukera egon zen Eibarko tatamietan. Bertan lehiatu ziren gaztetxoek ezagutza handia erakutsi zuten".
Gerriko beltza lortzeko prestatzen
Shalva Jokhadze eta Aritz de Larreategik 14 urte dituzten arren, maila ezin hobea dute. "Astean hiru entrenamendu saio egiten dituzte DBH bigarren mailako ikasketak egiten ari diren bitartean. Shalvak gerriko marroia lortu zuen duela bi hilabete eta Aritzek, berriz, urdina. Gainera, gerriko beltzeko azterketa prestatzen hasi dira, hurrengo urtean aurkezteko asmoarekin", aipatu dute eskolako kideek. Taldekako txapelketan emaitza ona lortu arren, gogotsu entrenatzen jarraitzen dute bakarkako Gipuzkoako txapelketari begira. "Taldekakoan egin zuten marka hobetzeko helburua dute".
Asteartean, Getariako Judo Eskolara joan ziren biak eta gaur egun dauden judokek txalo zaparrada handi batez jaso zituzten.