Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, sardina- jan solidarioa egingo dute bihar, ostirala, Katrapuna plazan. Ekimen horren laguntzaile izango dira, gainera, Katrapuna kantina eta Artzape Euskara Elkartea.
Eguraldiak laguntzen badu, hitzordua Katrapuna plazan izango dute herritarrek 12:30etik 15:30era. Euria bada, berriz, Berdura Plazan elkartuko dira. Parrillan egingo dituzte sardinak eta, haiei laguntzeko, txotxa egongo da. Ekimenarekin lortutako dirua guztia Nepaldala elkarteari emango zaio. Bestetik, elkarteak berak, informazio postu bat jarriko du. Bertan, proiektuaren inguruko informazioa eskainiko dute 12:00etatik 18:00etara.
Hondarribiko hiru emakumek iaz sortutako erakundea da Nepaldala, eta helburu dute Nepalgo landa eremuan bizi diren neskatilei hezkuntza bermatzea eta etorkizun oparoagoa eskaintzea. "Nepalen emakumezko nerabeena da hezkuntza jasotzeko baztertuen dagoen taldea, eta horrek ekartzen die kasu askotan ezkontza goiztiarrak edukitzea, eskola uztea, umetatik lanean hastea, etab.", kontatu dute GKEko arduradunek.