Zertaz hitz egingo duzu gaur Getariako hitzaldian?
Hitzaldiaren helburua da herritarren kontzientzia astintzea. Iruditzen zait, beste gatazka eta krisi askorekin gertatzen den moduan, etengabe zerbaiten inguruko irudiak, datuak eta informazioa jasotzen ditugunean, ohitu egiten garela horretara eta normalizatu egiten dugula. 2016an, Mediterraneoko naufragioen gaia pil-pilean ibili zen hedabideetan. Azken boladan, ordea, arreta apaldu egin da, nahiz eta Mediterraneoan fluxuak segitu, eta Egeo itsasoan gora egin duen. Komeni da alerta hori mantentzea eta konturatzea hau ez dela gauza normal edo natural bat, inondik inora. Jendeak ez du kapritxoz sorterria uzten eta bere burua itsasoratzen. Horretarako arrazoi oso indartsuak daude: gerrak, sexu edota erlijio jazarpenak, arrazoi ekonomikoak… Horren guztiaren atzean, Mendebaldea eta bertako herrialdeen politikak daude. Krisi hau boomerang efektu baten bitartez etorri zaigun zerbait da.
Zergatik?
Haiek hala bizi badira, gu bizi garen bezala bizi garelako da. Herrialde aberatsak aberastu dira herrialde pobretuen kontura eta haien kaltetan. Baliabide natural izugarriak dituzte, baina Mendebaldeak despentsatzat ditu herrialde pobretuak. Horregatik, ezin dugu bizi ezer gertatuko ez balitz bezala. Alde batetik, pertsonak direlako uretan itotzen ari direnak, eta, beste aldetik, ardura zuzen bat dugulako auzi horretan.
2017an bi erreskate misiotan parte hartu zenuen, eta 2018aren hasieran beste behin itsasoratu zinen. Abenduan, berriz, laugarren aldiz joango zara. Zergatik itzultzen zara? Bizitzen ari naizen une historiko honetan, krisi larrienetako baten aurrean ezin dudalako lekuko pasibo izan. Horrez gain, hamabost egun libre hartu eta itsasoratzeko aukera dudalako ere joaten naiz, eta, noski, alde horretatik, pribilegiatutzat daukat nire burua.
Nola egin zenuen harremana Open Arms elkartearekin?
Horiekin hasi baino lehenago, Kiosen egon nintzen Zaporeak proiektuarekin. Hiru bat aste pasatu nituen han, eta WhatsApp talde batean sartu ninduten. Handik hilabete batzuetara mezu bat iritsi zen talde horretara, Open Arms-ek sukaldari bat behar zuela hurrengo erreskate misiorako esanez. Animatu eta sukaldari joan nintzen orduko hartan. Egia esan, kazetari gisa joatea gustatuko litzaidake, normalean nazioartean oihartzuna duten hedabideetako kazetariak aukeratzen dituzte, ordea.
Open Arms elkarteko zuzendaria den Oscar Campsek behin esan zuen pertsona migranteak erreskatatzea bezain garrantzitsua dela kontatzea zer gertatzen den han. Zuk ere horrela ikusten al duzu?
Nire ustez inportanteena arazo edo krisi honen iturburura jotzea da. Elkarte hau humanitarioa da, bere lana da itsasoan itotzear dagoen jendea erreskatatzea. Gero, Libiako mafiekin gertatzen dena eta Europaren utzikeria konplizea salatzeaz aparte, ez doa askoz haratago. Garrantzitsuena da, ordea, pentsatzea zergatik uzten duen jendeak bere etxea. Zerk behartzen dituen horretara, eta hor daude aurretik esandakoak. Etorkin fluxuaren areagotzearen aurrean, geroz eta eskuindarragoa den Europak ateak itxi ditu, eta dagoeneko milaka pertsona itotzen utzi dituela salatzea ezinbestekoa da. Noski, horren aurretik agerian utzi behar da zein den jende horren migratzeko arrazoia, zein den gure ardura horretan, eta zer egin beharko litzatekeen inoren etxea infernu ez bilakatzeko.
Nola gogoratzen duzu lehen erreskatea? Ohitu egiten al da bat horretara?
Horretara ohitzea ez da seinale ona, baina egia da lehenengo erreskatea eta gero, hurrengoak beste modu batera bizitzen direla. Lehenengoa gauez bizi izan nuen. Gomazko ontzi bat ikusi nuen, jendez beteta, ilunpean... Hura ikusitakoan nire erreakzioa geldirik egotea izan zen. Aurretik jarraibide bat zehaztuta genuen, eta oso ongi banatu genituen lanak. Nik, baina, ezin izan nuen ezer egin lehenengo minutuetan. Ez dakit nola deskribatu, ez nuen eszena hura ulertzen, nire buruak ezin zuen prozesatu. Behin erreskatea bukatutakoan, aukera izan nuen erreskatatuekin hitz egin eta beren historiak ezagutzeko. Orduan ulertzen duzu gehienek ez dutela inoiz itsasoa ikusi, ez dutela imajinatzen nolako handia den, ez dakite ontziak hondoratu daitezkeela…
Erreskatatu ondoren, nolakoa da jarraitzen duzuen prozesua?
Erreskateak koordinatzen dituen zentroa lehorrean egoten da, Italian edo Maltan, eta handik esaten diote barkuko kapitainari zein portutara eraman behar dituzten erreskatutako pertsonak. Printzipioz, Open Arms eta beste GKE batzuen lana hor bukatzen da. Gero, beste elkarte batzuek aholkularitza, laguntza eta abar ematen dituzte.
Egun egoera zaildu egin da.
2018an, Salvinik Italiako hauteskundeak irabazi eta esan zuen bere portuak itxiko zituela; horrek domino efektua izan zuen. Gauzak okertzen hasi ziren orduan, denbora luzez erreskate ontzi asko atxikituta egon ziren portu desberdinetan. Egun, Open Arms ontzia Libiako SAR (bilaketa eta erreskate) eremutik kanpo dabil lanean, kostaldetik 25 itsas miliatara, bilaketa aktiboak egiteko baimenik gabe eta mehatxupean, gainera.
Abenduan zoaz berriro Mediterraneora, zer espero duzu aurkitzea?
Iazko urtarriletik ez naiz joan, eta ordutik izandako aldaketak hedabideen bidez jarraitu ditut. Ziur aski, biziko dudan guztia berria izango da, prozedurak desberdinak izango dira... Getarariako hitzaldian azalduko dudan ikuspegia 2018an oinarrituta egongo da, batik bat. Gauzak aldatu egin dira eta ea zer aurkitzen dudan.