Urriaren 21ean egin zuten ez-ohiko osoko bilkuran Getariako Udalak hondartzetako sorospen zerbitzuak Aldundiak kudeatzeko eskaeraren mozioa onartu zuen EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Hondartzetako mantenuak herri bakoitzari dagozkie, eta Udalaren arabera, “Getaria bezalako herri txikiek aurrekontu eta diru iturri mugatuak ditugu. Horregatik, hondartzen mantenuak gastu handia eragiten digu biztanleko”. Hurrengo urterako sorosleen gastua 135.000 euro izango da Getarian. “Aldiz, herriko inbertsio desberdinak gauzatzeko 219.000 euroko diru sarrera izango dugu. Zerbitzu hau Aldundiaren esku egongo balitz gure inbertsiotarako gaitasuna 349.000 euroraino iritsiko zen”, adierazi dute.
Iaz Aldundiaren eta kostaldeko herrien artean sortu zen Hondartza Mahaian jakinarazi zuten egoeraren berri. “Guzti hau dela eta Foru Aldundiari hondartzetako sorosle zerbitzua gipuzkoar guztien gain hartu dezala eskatzen diogu, egun, hondartza garbiketa zerbitzuarekin gertatzen den bezala. Bide batez, Bizkaian dagoen ereduaren antzekoa ezarri dezatela eskatzen dugu”.
Amaitzeko, Udaletik azpimarratu dute 2019an sorosleekin lan hitzarmen berria sinatu dutela, eta “gaurkoz Getaria da hartutako konpromezuak bete dituen herria”.