Zahartze osasungarrian eta zahartze aktiboan musikak duen eragina aztertu nahi du Do Re Ni elkarteak, eta horregatik ikerketa zehatza egingo dute. 200 boluntario lortu nahi dituzte azterketa hori egiteko, eta eginak dituzte bilera informatiboak Orion eta Zarautzen.
Gaur, berriz, Getarian izango dira elkarteko ordezkariak. 18:00etan jarri dute hitzordua erretiratuen elkartean, eta bertan herritarrei azalpenak eta informazioa emango zaie.
Xabier Lizaso oriotarra da ekimenaren sortzailea, eta haren hitzetan, gizarteak "estetikaren alorrean" baloratu izan du musika orain arte. Do Re Ni elkarteak, baina, musika garunaren garapenerako garrantzitsua dela frogatu nahi du eta, bereziki, adineko jendearen zahartze aktiboa laguntzeko tresna baliagarria dela.
Bi urteko ikerketa
Ikerketarako 55 urtetik gorako 200 boluntario behar ditu elkarteak. Behin parte hartzaileak lortuta, ikerketari hasiera emango diote, boluntarioen garunak neurtuz. Ikerketan parte hartuko duten boluntarioak bi taldetan banatuko dituzte. Zientzia mailako ikerketetan, batetik kontrol taldea egoten da, eta bestetik, talde esperimentala. "Normalean kontrol taldeak ez du ezer egiten, estimulatutako taldeak zer onura izan dituen frogatzeko". Lizasoren esanetan, ordea, metodo hori erabiliz ezin da jakin estimulatutako taldea zergatik dagoen hobeto, gauzatu duten ekintza horregatik, edo "gero hartu duten kafetxoagatik". Horregatik, ikerketa honetan bi taldeak estimulatuko dituzte. "Biek ondoren kafetxoa hartzeko aukera izango dute. Horrela jakingo da onurarik izan duten edo ez".
Bi urte iraungo du ikerketak, eta astean bitan izango dute ekintza bi taldeek. Lehenengo urtean talde batek eskulanetan egingo du lana, eta beste taldeak Do Re Ni metodoa landuko du, musikal bat sortuz eta horretan lan eginaz. Bigarren urtean, txandakatu egingo dira. Esperientzia bukatutakoan, berriz neurtuko zaie garuna.
Lizasok argitu du mundu mailan antzeko ikerketak egin badira ere, saio gutxiagorekin eta boluntario kopuru txikiagoarekin izan direla, eta "zerbait potentea" egin nahi izan dutela azpimarratu du: "Erreferente izateko beharrezkoa da ikerketak zientzia mailan pisua izatea".