Aita Mari ontzia Lesbosera bidean da laguntza humanitarioa ematera

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 20a

Goizean abiatu da erreskate-ontzia Mediterraneoko uretara laguntza humanitarioa ematera. Aurreikuspenen arabera, hamar egun barru Siziliara iritsiko da ontzia, eta, handik, beste lau egun beharko dituzte Lesbosera heltzeko.

Aita Mari errestake-ontziak joan den astean lortu zuen Espainiako Itsas Agintaritzaren baimena, Mediterraneo itsasoan laguntza humanitarioa eman ahal izateko. Uztailetik Pasaiako portuan egon da ontzia. Konponketa batzuk egiteko sartu ziren portuan, baina abuztuaren amaierarako eginak zituzten. Zain egon dira ordutik baimena noiz lortuko. Hasiera batean, asteazkenean itsasoratzekoa zen, baina eguraldia dela eta, Greziarako bidea beranduago hastea erabaki zuten arduradunek. Gaur abiatu dira, 10:30 inguruan. 

Greziako errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko zortzi tona daramatza ontziak, arropa, manta eta higienerako produktuetan. Eta gauzak ondo bidean, hamar egun barru Sizialara iritsiko dira, eta, handik, beste lau egun beharko dituzte Lesbosera heltzeko eta laguntza banatzen hasteko.

Hamaika pertsonek osatzen dute Aita Mariko tripulazioa, eta, gaur, itsasoratu aurretik, agur-ekitaldi xume bat eskaini diete Pasaiako portuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide