GdM San Sebastian Moda Festival-ek antolatuta, atzo, ostirala, lurraldeko zortzi diseinatzaileek Kutxa Kultur Fabrikan sortutako lanak jendaurrean aurkezteko aukera izan zuten, Getariako Cristobal Balentziaga Museoan. Kutxa Kultur Moda ekimenaren hirugarren promozioan parte hartu duten diseinatzaileak urte osoan jardun dira lanean atzoko desfilean beren proiektuak erakusteko. Lanerako tokia eta beharrezko tresna guztiak izateaz gain, formakuntza jaso dute sektoreko izen garrantzitsuen eskutik.
Atzoko desfilean denetariko arropa eta osagarria izan ziren ikusgai. Kolore biziagoak, neutroak, bolumen ezberdinak... Diseinatzaile bakoitzak bere esentzia helarazi zuen prenda bakoitzarekin. Amagoia Etxeberriak zabaldu zuen desfilea eta atzetik jarraitu zioten, ELI-two, Maialen Porroy, Laza Clothing, Maixala, Ione Iruretagoiena, Akukuna, Fanny Alonso eta Lette diseinatzaileek.