Gorpu bat aurkitu dute ikasle batzuek Getariako Malkorbe hondartzan

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 18a

Ertzaintzak ikerketa abiatu du heriotzaren arrazoiak argitzeko, eta autopsia egindakoan jakingo dute noiz eta nola hil den zehazki. Irakasleek deitu diote Ertzaintzari 13:00ak aldera.

Malkorbe hondartza, artxiboko irudian

Ertzaintzak HITZAri baieztatu dionez, pertsona bat hilik agertu da gaur Getariako Malkorbe hondartzan. Antza, eskolatik bertara joandako ikasle batzuek aurkitu dute gorpua, eta irakasleek deitu diete ertzainei. 13:00ak aldera izan da hori.

Ikerketa abiatu du Ertzaintzak heriotzaren zergatiak argitzeko, eta oraingoz ez dute beste informaziorik eman. Autopsiak esango du noiz eta nola hil zen. Zehaztu dutena da gorpua ez zegoela uretan, lehorrean baizik.

Egunkari honen galderari erantzunez, Ertzaintzaren prentsa bulegokoek esan dute poliziak ez daukala protokolorik halako gertaerentzat: hau da, ez dute psikologorik haur edo gaztetxo batek gorpu bat aurkitzen duenerako. Eskola bakoitzak izan ohi du psikologoa, eta uste dute beharra dagoen kasuetan, eskolak berak eskainiko duela zerbitzu hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide