Getariako surf txapelketa astebetez atzeratu dute

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 18a, 15:27

Asteburu honetan jokatu behar zuten herri mailako txapelketa Gaztetape hondartzan, baina eguraldi txarragatik bertan behera gelditu da.

Gaztetapeko surf eta bodyboard txapelketa astebetez atzeratu dute eguraldiaren iragarpenagatik. Hala baieztatu du Manex Bikuña txapelketaren antolatzaileak: «Itsasoa zakar egongo da, eta herriko txapelketan umeek ere parte hartzen dute. Haien segurtasuna bermatu behar dugu, eta horregatik, datorren asteburura atzeratzea pensatu dugu».

Itsasoko iragarpenaz gain, eguraldi kaskarra ere aurreikusita dago biharko. "Gure asmoa lagunartean egun on bat pasatzea da, lehiatzeaz gain, ongi pasatzea eta disfrutatzea, hain zuzen ere. Horregatik, sari banaketa ondoren parrilada egitea gustatzen zaigu. Baina astebururako eguraldi txarra emanda dagoenez, hori ere bertan behera utzi beharko genuke. Beraz, arrazoi horiek guztiengatik urriko azken asteburuan izango da txapelketa".

Maila ezberdinak
Hamar urtetik gora dira Getariako surf eta bodyboard txapelketa antolatzen dutela. Antolatzaileen arabera, "arrakastatsua" izan ohi da normalean, eta aurten ere 40 bat lagunek izen emango dutela espero dute. Maila ezberdinetan antolatuko dute txapelketa. Alde batetik, 16 urtez azpikoen kategoria. Kasu honetan, mistoa izango da, eta bai surf nahiz bodyboard modalitateetan eman ahalko dute izena partaideek.

Open maila izango da veste maila bat. Kasu honetan, emakumezkoak eta gizonezkoak banatuta lehiatuko dira, surfeaneta bodyboardean. 45 urtetik gorako master maila ere antolatuko dute. Maila horretan surfean egongo da parte hartzeko aukera, eta mistoa izango da. "Longboardean lehiatzeko aukera ere egongo da. Beraz, kirol hori egiten dutenak ere animatu nahiko genituzke", aipatu dute antolatzaileek.

Izena aurretik emateko aukera dago Gaztetape hondartzan surflariek duten lokalean. Hala ere, egunean bertan, urriaren 26an, aukera izango da. Izena 10 euro ordainduta eman daiteke. 08:30ean hasiko dira lehian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide