Xabier Isasti: «Sari potoloa da eta ilusioz jaso dut berria»

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko urriaren 18a

Unibertsitaterako egin zuen ‘Gernika’ lana ‘Selected Europe 2019’ aldizkarian argitaratuko dute azaroan. Gernikako bonbardarketak izan zuen eragina kontatu nahi izan du.

Zer da Selected Europe 2019?
Diseinatzaileen azken lanak eta joerak argitaratzen dituen liburua da. Urtero kaleratzen da Europa mailan, eta nire proiektua artista gazteen kategorian sartu dute.

Gernika izeneko proiektua aurkeztu duzu.
Iaztik Bartzelonako IED unibertsitatean ikasten nabil eta hasiera batean eskolarako lan bat zen. Irakasleak gai librea utzi zigun eta Gernikako bonbardaketari buruz egitea pentsatu nuen. Nire helburua zen ezagutaraztea bonbardaketa honek zer eragin izan zuen gure kulturan, hizkuntzan... Euskaldunongan, oro har.

Zer lan egin duzu zehazki?
Erakusketa baten proiektu-diseinua egin dut. Horretarako, Gernika izeneko marka sortu dut, baita logotipoa, kanpainarako kartela, publizitatea, merchandisinga... Picassoren Guernica koadroaren bertsio bat ere egin dut. Obrako elementuak hartu eta horiekin pieza ezberdinak osatu ditut.

Zenbat denbora eman dizu proiektuak?
Bost hilabetez egon nintzen proiektua gauzatzen. Bakarka egindako lana da, eta horrek, lan karga handiagoa ekarri dit. Hala ere gustura egindakoa da.

Irakasleak animatu zintuen lana Selected Europera aurkeztera, ezta?
Urtarrilean aurkeztu nuen lana unibertsitatean, eta irakasleak komentatu zidan Selected Europe 2019ra aurkezteko. Proiektua interesgarria zela eta aukeratuetako bat izan zitekeela esan zidan. Berarekin aukeratu nuen zer aurkeztu eta zer ez, eta hilabete batzuk beranduago irakasleak jakinarazi zidan aukeratu nindutela.

Izendapen honek zure ibilbide profesionalean eragina izango duela uste al duzu?
Irakasleak aurkezteko esan zidanean ez nuen aukeratua izateko esperantza askorik. Orain, ordea, lortu ondoren, konturatu naiz sari potoloa dela, eta ilusioz
jaso dut berria. Ekonomikoki ez dut ezer jasoko, baina nire lan bat hain izen handiko liburuan agertzea ondo etorriko zaidala esan dit irakasleak. Ea etorkizunean ere fruituak ematen dituen.

Nahiz eta proiektua erakusketa baten simulazioa izan, azaroan unibertsitatean erakutsiko duzu lana, ezta?
Hala da. Nik irudi bidez daukat proiektatuta erakusketa, vaina hurrengo hilean fisikoki jarriko dut unibertsitateko sarreran.

Selected Europe 2019 liburua bera ere azaroan kaleratuko da.
Urtero-urtero izen bereko jaialdia ospatzen da Bilbon, Design Week-aren barruan, eta hara joaten dira diseinatzaile profesionalak hitzaldiak eta abar eramatera. Han bertan banatuko dute liburua ere.

Aurretik, beste sari batzuk ere jasotakoa zara.
Bartzelonara ikastera etorri baino lehenago, diseinu grafikoa ikasten egon nintzen Donostian lau urtez, eta urte batzuetan kartel lehiaketa dezentetara aurkeztu nintzen, Irune Elizegi lagunarekin. Egia esan, zortea izan genuen, eta lehiaketa batzuk irabazi genituen.

Zer moduzkoa izaten ari da Bartzelonan ikastearen esperientzia?
Oso ona. Diseinu munduan konpetentzia handia dago. Oso jende gaztea eta ona ikusten da. Toki ezberdinetako persona asko elkartzen da Bartzelonan eta bakoitzak diseinatzeko modu bat du. Kuriosoa da herrialde bakoitzeko jendearen estiloa edo nondik norakoak ikustea. Azken finean, diseinua ere kultura da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide