Ainhoa Lendinez eta Igone Camposen Pyrenees Stage Run mendi bidaiaren aurkezpenarekin hasi behar zuen bihar Getariako 6. Mendi Asteak, baina mendizaleen azken orduko agenda arazoak tarteko, hitzaldia bertan behera gelditu da. Hala ere, Udaletik jakinarazi dute data berria jarriko dela.
Aurtengo edizioak emakumeak ditu protagonista. "Lehenengo hitzaldia behar zuenaz gain, datorren ostegunean Silvia Triguerosi buruzko dokumentala eta bere hitzaldia egongo da. Kontuan hartzeko ekitaldia izango da, besteak beste, dokumentala nazioarteko hainbat zine festibaletan eman baitute", adierazi du Ekaitz Esteban kirol zinegotziak.
Triguerosen erronka
Atzeratu egin behar izan den Pyrenees Stage Run lasterketa Lendinezek eta Camposek iazko irailean Pirineotan zehar egindako mendi ibilaldia da. Guztira 240 kilometro egin zituzten 7 etapatan eta 15.000 metroko desnibelarekin. Bost parke natural eta bi herrialde zeharkatu zituzten.
Igandean, berriz, herriko mendi taldeak irteera egingo du Arantzazu inguruan dauden Araotz, Andarto eta Aitzulora. 18 kilometroko ibilaldia da eta bost orduko iraupena izango ditu.
Amaitzeko, urriaren 24an, Silvia Triguerosen erronka kontatzen duen Tor dokumentala ikusteko aukera izango da Iturzaetako aretoan, 19:00etan. Urresti anaiek zuzendutako filmak, Triguerosek Alpeetako Tor des Geants ultratrailean egindako lasterketa kontatzen du: 330 kilometroko ibilbidea eta 24.000 metroko desnibela duena. Hirugarren parte hartzean, 43 urterekin, proba irabaztea lortu zuen Proiekzioaren ondoren Trigerosek berak hitzaldia emango du. Berarekin izango dira entrenatzailea eta filmeko zuzendariak ere.