Hilabete eta gero, 'Pottoka' belaontzia iritsi da Sevillara

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 11a, 15:15

Itsas bidaia irailaren 15ean hasi zuten Getarian arlo ezberdinetako pertsonez osatutako 16 tripulatzailek. Elkano 500 mundubiraren hirurtekoaren ospakizunen barruan sartu da proiektua.

Getaria eta Sevilla arteko mila miliak egin ondoren, bart iritsi zen lehorrera 'Pottoka' belaontzia. Arlo ezberdinetako 16 pertsonek osatu dute tripulazioa eta itsas bidaia lau etapatan egin dute. Bidean, gainera, hainbat gairi buruz hausnartu eta eztabaidatu dute: euskaldunok itsasoarekin dugun harremana, ozeanoen iraunkortasuna, teknologiak gizartearen garapenean duen eragina eta kulturen arteko bizikidetza.

Unai Basurko izan da belaontziaren kapitaina, eta Elkano 500 Fundazioak dokumentala eta argitalpen bat egingo ditu itsas bidaian ikasitakoa zabaldu eta gizartearekin partekatzeko. Halaxe azaldu du erakundeko zuzendaria den Ion Irurzunek: "Besteak beste antropologo, filosofo, astronomo, itsas biologo, artista, kultur kudeatzaile eta irakasleek osatutako tripulazioek banaka zein taldean lan egin dute Elkano 500 Fundazioak proposatutako gaien inguruan edukiak sortzeko, eta eduki horiekin dokumentala egingo dugu".

Itsas bidaiaren lau etapak
'Pottoka' irailak 15ean irten zen Getariako portutik, Elkanoren Itsasoratzea jaialdiaren ospakizunen barruan. Lehenengo etapa Getaria-Cueto-A Coruña izan zen eta hauek izan ziren parte hartu zuten pertsonak: EiTBko eguraldiaren aurkezle June Ansoleaga, Charo Tribis-Arrospe irakasle erretiratua, Jose Mari Larramendi antropologo eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kideak, eta Ana de Lara itsas biologoa.

A Coruña eta Portugalgo Cascais hirien artean egin zen bigarren etapa. Bertan, tripulazio kideak izan ziren Daniela Garreton artista eta Panthalassa taldeko kidea, Joseba Argiñano sukaldaria, Emma Lira National Geographic-eko kazetaria, eta Adrian Lamas Mundukideko Afrikako proiektuen kudeatzailea.

Hirugarren etapan, Cascais eta Portimao artean, Gonzalo Terceñok ordezkatu zuen Unai Basurko kapitaina, eta tripulazioa osatu zuten Vertice plataformako Maria Paz Montecinosek, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomo Virginia Garciak, UPV/EHUko filosofia irakasle Ekai Txapartegik, eta Alejandro F. Aldasoro idazleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide