Getariako Udalak jakinarazi duenez, "azken boladan txakurren inguruko kexak eta ezbeharrak handitu egin dira". Bide horretan, txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetu asmoz, udaletik hainbat urrats eman dira. "Horien artean dago ordenantzak jasotzen dituen betebeharrak gogorazteko gutunak bidaltzea txakur jabeei", esan dute.
Hala, Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzako 23. eta 29. artikuluak ekarri dituzte lehen planora. Lehenengo artikulu horrek ondoko hau dio: 'Hiriko bide eta leku publikoetan eta eraikin kolektiboetako guztien erabilerarako zatietan, txakurrak kontrolpean eta uhal batez loturik eduki behar dira. Uhalak
egokia izan behar du animalien ezaugarrietarako'. Bigarrenak, berriz, 'Debekatua dago txakur-gorozkiak bide eta plaza publikoetan, hondartzetan, haur parkeetan, lorategietan, zelaietan eta orohar, apaindurarako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea. Horregatik, txakurrekin doazen pertsonek gorozkiak jaso egin beharko dituzte'.
Udalak azpimarratu du hainbat neurri hartu diren arren, bereziki kontzientziazioari begirakoak, ez dela lortu animalien eta pertsonen arteko bizikidetza bateratzea. Horregatik beharrezkoa iruditu zaie txakur jabeei gutun hori bidaltzea.