Urriaren 6tik 9ra arte ospatuko da aurten San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarra Donostian, Kursaalean. Gastronomiari buruzko nazioarteko azoka ezaguna da, eta aur- tengo edizioak Juan Sebastian Elkano izango du hizpide, mundubiraren 500. urteurrena gogoan. Hala, hilaren 8an, Getariako Itsas Gastronomiaren elkarteak, Parrila, sukaldaritza-paisaia izeneko hitzaldia emango du 10:35etik aurrera Kursaaleko auditorioan.
Aurretik, eta igandean bertan, azokako inaugurazio afaria egingo da Balenciaga museoan. Ekitaldi pribatua da, eta bertan izango dira egun horietan azokak parte hartuko duten sukaldariak eta gonbidatuak. Horrez gain, Beñat Gerekak beste hainbatekin batera parrilaren inguruan osatu duen argazki erakusketa jarriko dute Kale Nagusian.
Elkanoren testamentua
Orain dela urte batzuetatik hona sortutako elkartea da Getariako Itsas Gastronomikaren elkartea, eta helburu du parrilak izan duen bilakaerari buruzko ikerkuntza aurrera eramatea "Parrilak Getariako paisaiako elementu garrantzitsuak dira, eta elkartearen nahia da euskal itsas gastronomiaren ikerkuntza eta didaktika garatzea, horren barnean parrilari toki berezia emanez", adierazi du Igor Arregi Kaia-Kaipe jatetxeko arduradunak eta elkarteko kideak.
Getariako Itsas Gastronomiaren elkartea herriko bost jatetxek (Elkano, Kaia-Kaipe, Txoko Getaria, Balearri eta Astillero) eta hainbat iraskaslek eta historiagilek osatzen dute. Horien artean dago Xabier Alberdi historiagile eta Donostiako Euskal Itsas Museoko zuzendaria. "Elkanori buruzko datu eta ezagupen gehien dituen pertsona da Alberdi. Asteartean emango dugun hitzaldian ekarpen handia egingo du Alberdik, azkenean, Getariako parrilen eboluzioa azaltzeko pertsona egokiena da", adierazi du Arregik.
Juan Sebastian Elkanoren testamentuan agertzen dira parrilari buruzko lehenengo idatziak eta, ordutik, egiteko modu berezia eta parrilaren inguruko jakinduria handia garatu dute herriko arrantzaleek eta pertsonek.
"Parrila eta itsasoa eskutik bat datoz gure historian, eta hori argi ikusten da Elkanoren testamentuan", nabarmendu du Arregik. "XIV. mendean, euskal naoak izan ziren mendebaldeko Europako itsas merkataritza bideetan protagonistak, eta horietan, oallak izeneko oinarrizko parriletan sukaldatzen zen. Bertan arrantzatutako arraina jaten zuten eta parrila horiei esker modu erosoan, azkarrean eta ekonomikoan egiten zuten".
Urteen poderioz, arrainak parrilan egiteko ezagupena handitu egin da, eta gaur egun parrilak Getariako arkitekturako partaide garrantzitsu dira. "Gure herriak ongi jakin du portura iristen den goi mailako arraina parrilan egiten, eta jakinduria hori belaunaldiz belaunaldi igaro da", nabarmendu du Arregik.
Xabier Alberdi eta Igor Arregiz gain, asteartean emango duten hitzaldiko hizlariak izango dira Elkano jatetxeko Aitor Arregi; Txoko jatetxeko, Bailara jatetxeko eta Fleischmann ́s Cooking Group taldeko chef-zuzendaria den Enrique Fleischmann; Balearri jatetxeko Markel Iribar; Astillero jatetxeko Gorka Lazkano; eta Azkue hoteleko zuzendaria eta irakaslea den Xabier Aldalur.