Getaitri Triatloi Klubak eta Getariako Udalak antolatuta, XVIII. Salbatore Biatloia jokatuko da larunbatean. Izen-ematea abuztuan zabaldu zuten arren, oraindik ere izena emateko aukera dago herrikrosa.eus webgunean. Bakarka egin nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dute eta erreleboka egin nahi dutenek, berriz, 15 euro.
Aurtengo edizio honetan parte hartzea 120 lagunetara mugatu dute, baina kopuru horretara iritsiko ez balira, egunean bertan izena emateko aukera egongo litzateke. Egunean bertan udaletxeko arkupean jarriko dute mahaia izena emateko, eta bakarka proba egin behar dutenek 15 euro ordaindu beharko dute eta erreleboka egin nahi dutenek, berriz, 20 euro.
Biatloia Malkorbe hondartzan hasiko da 12:00etan, igeriketa probarekin. 550 metro igerian egin ostean, parte hartzaileek 3,5 kilometroko distantzia egin beharko dute korrika herriko kaleetan barrena. Proba nagusia baino ordubete lehenago, Getariako III. Biatloi Txikia jokatuko da, eta bi multzotan banatuta lehiatuko dute: alde batetik, 9-11 urtekoek 75 metro igeri eta 250 metro lasterka egingo dute, eta, bestetik, 12-15 urtekoek 150 metro igeri eta 500 metro lasterka. Gazteek doan parte hartuko dute, eta izena Turismo Bulegoan eman dezakete, edo egunean bertan Malkorbe hondartzan.