Euskara ikasi nahi duten lagunei zuzendutako ikastaroak eskaini nahi ditu Getariako Udalak. Horretarako nahikoa izango da sei pertsonako taldea osatzea, herrian bertan euskara ikasi ahal izateko.
Udalak adierazi duenez, maila eta hartzaile guztiei zuzendutako ikastaroak eskaini nahi dituzte: euskara ulertzen ez dutenentzat, ulertu bai baina hitz egiterakoan edo idazterakoan zer hobetu badutenentzako, nahiz EGA edo C1 moduko tituluak atera nahi dituztenentzat.
Gaineratu dute sektore bakoitzeko sei lagun elkartuz gero, haiei begirako ikastaroak eskainiko liratekeela. "Esaterako, hirugarren sektoreko langileentzat hiztegi propioa landuz, edo gurasoei haurrak ikastetxean diren ordutegian erakutsiz...".
Euskara ikastaro hauek diruz lagunduko ditu Getariako Udalak. Euskara ikastaroetan izena emateko edo informazioa eskatzeko udaletxera joan daiteke edo 943-89 60 24 telefono zenbakira deitu, irailaren 25a baino lehen.