Txistulariek lagunduta iritsi dira moilara 'Elkanoren Itsaroratzea' jaialdiarekin bat egin duten instituzioetako ordezkariak. 22 herritako alkateak bildu ditu ekitaldiak: Andoain, Arrigorriaga, Bilbo, Lekeitio, Mungia, Ondarroa, Peralta, Segura, Tolosa, Ea, Ordizi, Mutriku, Deba, Hendaia, Donibane Lohitzune, Getari, Hiriburu, Biarritz, Aia, Orio, Zarautz, Zumaia eta Getaria. Horiez gain, bertan izan dira Getariako Kofradiako, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariak ere.
Agustin Ezenarro getariarrak gidatu du ekitaldia, eta Haritz Alberdi Getariako alkate eta Markel Olano Diputatu Nagusiaren hitzartzeen ostean, adostutako itsasoratze ituna irakurri dute, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Itunean nabarmendu dute duela 500 urte egindako espedizio hartan euskal gizarteak izandako lekua, baita itsasoarekiko loturak garai desberdinetan Euskal Herrian izan duen eragina ere. "Gaur, elkarrekin ontziratuko gara keinu sinboliko honetan, duela 500 urte itsasoratu zirenekoa oroituz eta berrituz, gure historian zehar milaka marinel eta nabigatzaile menturatu ziren modu berean. Izan ere, historia horrek batzen gaitu, eta beharrezkoa da orainean horri buruz gogoeta egitea, gure etorkizuna eraikitzeko".
Itunean azaldu bezala, itsasoratu egin dira instituzioetako ordezkariak eta beste hainbat ontzi, denak batera. Getariako Salbatore abesbatzak Elkanoren ereserkia abestu du portura begira, eta getariarrek moilatik txaloak joz agurtu dituzte Elkanoren itsasoratzea irudikatu dutenak.