200 pertsona inguru elkartu dira Getariako moilan, 'Elkanoren Itsasoratzea' jaialdiko herri bazkarian. Hamalau paella aurkeztu dira guztira Arroza Elkano Erara lehiaketara, eta paella horiek izan dituzte bazkaritarako. Goizean, Urritza aisialdi taldearen eskutik, haurrentzako ginkana eta jolasak izan dira, eta bazkalostean, erromeria egingo dute moilan bertan.
Mundubirarekin lotutako erakusleiho lehiaketa ere antolatu dute Getarian. Elkanok munduari bira eman zionean ikusi edo ezagututako lurraldeen artean aukeratu behar izan dute lehiaketako parte hartzaileek. Hamabi saltoki edo negoziok hartu dute parte lehiaketan, eta artzape.eus atarian egingo den bozketa baten bidez erabakiko dute lehiaketako irabazlea. Bihar arte izango da botoa emateko aukera, eta sari banaketa ekitaldia irailaren 17an egingo dute, egun horretako solasaldiaren ondoren.
Hain zuzen, bihar, Elkanoren mundu bira oroituz, itunaren ekitaldia egingo dute 12:30 aldera. Segidan, Elkanoren itsasoratzea irudikatuko dute hainbat ontzik.