"Lehen mundubiran euskaldunek izan zuten parte hartze ezagunaren testuinguru historikora hurbiltzea" da ekintza sorta honen helburua, antolatzaileen esanetan. Egitaraua Getariako gizarte zein kultura eragile desberdinek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak diseinatu eta antolatu dute.
Historia zientziara lotzeko asmoa duen kultura programazio honen lehen ekitaldiak dagoeneko egin dituzte. Hala, pasa den igandean izar behaketa egin zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kideen eskutik. Atzo, ordea, Euskaldunak lehen mundubiran hitzaldia entzuteko aukera izan zuten.
Beste bi solasaldi izango dira datozen egunotan. Bihar, Elkanoren garaiko Euskal Kostaldearen testuingurua saioa eskainiko dute Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak eta Aitor Leniz historialariak. Datorren asteartean, berriz, hilaren 17an, Itsas teknologiaren ezagutzatik, ezagutza zientifikora solasaldia emango dute Ekai Txapartegi Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia irakasleak eta Iosu Etxezarraga historialari eta arkeologoak. Bi solasaldi hauek Getariako Kofradian izango dira, 19:30ean hasita. Bi saioak euskaraz emango dira, eta itzultzaile zerbitzua izango da.
Lehiaketak
Asteburuan egingo duten Elkanoren itsasoratzea jaialdiaren baitan, Arroza Elkano Erara I. lehiaketa gastronomikoa egingo dute. Arroza eta espezieak erabiliko dituzte lehiakideek beraien platerak osatzeko. "Arroza oinarrizko elikagaia izan zen nabigatzaileen dietan; espezieak,berriz, espedizioaren ondorioa", adierazi dute antolatzaileek. Izen-ematea gaur bertanbukatuko da, Turismo Bulegoan.
Lehiakideek binaka hartuko dute parte eta, gutxienez, hamar pertsonarentzako arroza egin beharko dute. Antolatzaileek espeziak (kanela, piperrautsa, safrana, intxaur muskatua, iltzea eta jengibrea), arroza, sua eta paella-ontziak jarriko dituzte. "Beraz, parte hartzaileek nahi adina osagai eta sukaldeko tresnak eraman beharko dituzte, baita paella-ontzia ere, hala nahi badute". Lehiaketa moilan egingo da, 12:00etatik aurrera. Bi ordu beranduago itzaliko dituzte suak eta 15 minutura bilduko da epaimahaia irabazleak aukeratzeko. Lehenengoek afaria irabaziko dute Elkano jatetxean, bigarrenek Maisor antxoa obradorearen produktu sorta eta hirugarrenek Batelaren produktu sorta.
Mundubirarekin lotutako erakusleiho lehiaketa ere antolatu dute Getarian. Elkanok munduari bira eman zionean ikusi edo ezagututako lurraldeen artean aukeratu behar izan dute lehiaketako parte hartzaileek. Hamabi saltoki edo negoziok hartu dute parte lehiaketan, eta artzape.eus atarian egingo den bozketa baten bidez erabakiko dute lehiaketako irabazlea. Hilaren 15era arte izango da botoa emateko aukera, eta sari banaketa ekitaldia irailaren 17an egingo dute, egun horretako solasaldiaren ondoren.
Getaria eta Sevilla arteko itsas ibilaldia egingo dute
Irailaren 15etik urriaren 11ra Getaria eta Sevilla arteko itsas ibilaldia egingo dute Pottoka belaontzian, lau etapatan. Igandean 17:30ean Getariako portutik irtengo du belaontziak. Profil desberdinetako hamasei tripulatzailek parte hartuko dute bidaian, Unai Basurko kapitain dutela.
Itsas ibilaldiarekin lehen mundubirari lotutako gaurkotasun gaien inguruan hausnarketa kolektiboa egin nahi dute: euskaldunak eta itsasoa, itsasoa eta iraunkortasuna, teknologiaren eragina garapenean eta kultur aniztasuna. Elkano 500 Fundazioa da itsas ibilaldiaren sustatzailea.