Duela bostmende egindako espedizioaren itsasoratzea gogoratuko dute, lehen mundubiran euskaldunek izan zuten parte hartzearen testuinguru historikora hurbiltzeaz gain.
Elkanoren Itsasoratzeaegitasmoko egitarauan historia eta zientzia lotuko dituzte ikuspuntu ezberdinetatik. Filosofia, arkeologia edota astronomia bezalako diziplinetako adituen laguntza izango dute antolatzaileek.
Igandean hasiko dute kultur egitaraua, San Anton mendian egingo duten izar behaketarekin. Astronomia eta dibulgazioa bateratzen dituen saioa izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garciaren eskutik. Saioa 21:00etan hasi eta 23:00etan amaituko da, eta teleskopioak erabilita, Joan Sebastian Elkanoren garaiko GPSra gerturatuko ditu partaideak.
Egitarau "emankorra"
Otsailean aurkeztu zituen jendaurrean Mundubira 500 Elkano Fundazioak hurrengo hilabeteetan garatuko dituen egitasmoak. Herritar ugari elkartu zen udaletxeko areto nagusian, eta beren zalantzak argitzeko tartea ere eskaini zieten han bildutakoei.
Ezagutza berriak sortzea, ezagutza horien dibulgazioa eta sareak sortzea dira fundazioaren helburuetako batzuk. "Lehen aurkezpen horretan sare horiek sortzeko getariarrekin lan egitea beharrezkoa zela nabarmendu nahi izan genuen", azaldu du Ion Irurzun fundazioaren zuzendariak. Herritarrekin batera diseinatu dute Elkanoren Itsasoratzea programa: "Elkarlanean sareak sortzen osatu dugu. Agian, ez da perfektua izango, baina bai emankorra".