Getarian bihar ekingo diete Elkanoren mundu biraren V. mendeurrena gogoratzeko ekitaldiei; Elkanoren Itsasoratzea kultur jaialdia antolatu dute bihartik irailaren 17ra. Hain zuzen ere, jaialdi hori izango da datozen hiru urteetarako prestatzen ari diren ekitaldietatik lehena. Haritz Alberdi Getariako alkatearen ustetan, "historia eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea" izango da mendeurrena.
Jaialdiko ekitaldi nagusiak hurrengo asteburuan izango diren arren, hainbat ekintza antolatuko dituzte aurreko egunetarako ere: hitzaldiak, solasaldiak eta San Anton menditik astronomia behaketa bat, tartean. Ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko dituzte hitzaldietan. Filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak direnekin solasaldiak egingo dituzte, mundu bira ikuspegi desberdinetatik aztertzeko asmoz. Astronomia behaketa, berriz, Aranzadiren bidez antolatuko dute. Izarrei begira nabigatzen zuten XVI. mendeko marinelek, eta nola egiten zuten ikasteko aukera izango da.
Juan Sebastian Elkano kide zuen espedizio hura 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlucar de Barramedan (Cadiz, Espainia). Elkano hiru urte geroago itzuli zen Victoria ontzian, beste hamazazpi itsasgizonekin batera; hilabete batzuk geroago beste hamabi itsasgizon itzuli ziren Cabo Verdetik. 2022ra bitartean jarraipena izango duen egitasmo zabal baten lehen ekintza izango da Elkanoren Itsasoratzea jaialdia, Mundubiraren ubera lelopean egingo den ekitaldi sorta baten lehena.
1519ko itsas espedizio hura merkataritza helburuekin abiatu zutela ekarri du gogora Alberdik. "Helburu ekonomikoarekin hasi zenak, ordea, ondorio askoz ere handiagoak izan zituen; gizarte paradigma aldaketa ekarri zuen. Hiru urte geroago, hainbat egoerak baldintzatuta, inondik inora ere aurreikusita ez zegoen moduan amaitu zen espedizio komertzial hura, lehen mundu birarekin". Elkanok parte hartu zuen espedizio hartan, baina ez zen izan hura posible egin zuen itsasgizon bakarra: "Fenomeno zabalago baten parte da Elkano. Kultura baten isla da mundu bira osatu izana; espedizioa ere kultura baten parte izan zen bere horretan: euskal nabigatzaileen kopurua, ontzien jatorria… Ez da kasualitatea. Horregatik diogu Elkano eta mundu bira herri baten, gure herriaren kulturaren adierazle direla, Getariakoarena eta Euskal Herrikoarena". Itsasoa Getariaren osagaia dela esan du. "Gure herriaren garapenean eta kulturan eragin nabarmena izan duen gakoa".
Dena dela, badira mendeurren ekitaldiokin kritiko diren herritarrak ere; mendeurrena "aitzakia" hartuta, historia "gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera" moldatu nahi dutela uste dutenak. Horiek sortu dute Elkanori Bira egitasmoa, "Elkanoren eta historia eurozentristaren hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko". Gutxienez ehun norbanakok eta eragilek sinatu dute Elkanori Birak abiapuntu modura argitaratu duen manifestua.
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.