Salbatore Jaietako azken eguna da gaur, eta goizean goizetik marmitako txapelketa egin dute herriko pilotalekuan. Denera 37 bikotek parte hartu dute lehiaketan; 13:30ean abiatu dute epaileek dastaketa, eta herri bazkariaren ondoren, 17:30ak inguruan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.
Epaileek zaporez gain, kolorea, usaina eta testura ere kontutan hartuko dituzte marmitakoak baloratzerakoan. Goizean zehar, parte-hartzaileak marmitakoa nola prestatzen zuten ikuskatu dute epaileek, eta Urola Kostako Hitzari azaldu diotenez, Getarian garrantzi berezia ematen diotela koloreari. "Marmitakoak kolore iluna izatea gustatzen zaigu, eta hori lortzeko tipula ondo potxatu behar izaten da. Marmitako batetik bestera alde handia egoten da kolorean. Horrez gain, gatz puntua harrapatzea ere ez da erraza izaten".