Alkatearen aurreskua eta Bandaren musika izan dute Getarian Salbatore Egunaren hasieran

Juan Luis Romatet 2019ko abu. 6a, 14:56

Getariako Musika Bandaren dianarekin esnatu da gaur Getaria, salbatore jaien egun handian. Getariako Abesbatzak kantatutako mezaren ondoren, Haritz Alberdi alkateak aurreskua dantzatu du. Aurreskua dantzatzen duen lehen aldia izan da gaurkoa, eta bertaratutako herritarren txalo zaparradari so eginez, behintzat, primeran bete du ardura. 

Udaletxeko metro eskasera, Harritarten, Getariako Musika Bandaren kontzertua izan da. 1980eko hamarkadara bidaia proposatu du gaurko egunerako Getariako Konpartsak, eta Musika Bandak ere bidaia horretan parte hartu du. Hamarkada horretan oinarritutako egitaraua jo du. Miguel Riosen Bienvenidos mugituarekin hasi du Bandak kontzertua, eta jarraian Mecano taldearen medleya jo du.

Salbatore Eguneko egitarauak arratsaldean jarraituko du. Txosnen irekiera izango da 17:00etan, eta ordu erdi geroago Salbatore Deunaren XXII. pilota txapelketako finalak jokatuko dira frontoian. 18:00etan, Danz Jolas jaia egingo da plazan, eta 23:00etan 80eko hamarkadako ikuskizuna izango da Konpartsarekin eskutik. Amaitzeko, Makala DJarekin, 80eko hamarkadako festa egingo da plazan. Txosnetan, berriz, Unia, Mario Azurza eta Arizonako Billy DJak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide