Badatoz salbatoreak. Abuztuaren 5ean hasi, eta 10era arte, sei egunez izango da zer gozatua. Gainera, abuztuaren 3an eta 4an ere badira kirol ekitaldi bereziak. Pilota partidak eta estropadak izango dira herrian bi egun horietan, eta kalez kale kantuan ibiliko da Astigarragatik etorritako Eragiyok abesbatza.
Getariako Udala gaur hasi da etxez etxe banatzen esku programa, eta sare sozialetan ere zabalduko dute egitaraua. Udalaren webgunean, poltsikoko neurriko programa deskargatzeko aukera jarri dute. Atzo, astelehena, eman zuten prentsaurrekoa udal ordezkariek eta festetan parte hartuko duten hainbat eragilek.
Aurtengo berrikuntza nagusia jaien hasierarekin dago lotuta. Aurreneko egunean, gauerdian ikurrinaren goratzea egingo dute, eta aurten herriko eragile bati emango zaio bandera igotzeko ardura. Urritza elkartea izango da horretan parte hartzen lehena, herriko abesbatzak eta Musika Bandak lagunduta. "Urritza elkarteari ondo merezitako omenaldia egingo zaio, 26 urteko ibilbidea dutelako. Gainera, hasieratik bukaerara arteko urritzakideak gonbidatu ditugu", azaldu du Haritz Alberdi alkateak. "Jaien hasieran protagonismoa eman nahi genien benetan eman behar zaienei, eta aurten Urritzarekin pentsatu dugu", gaineratu du. Orain arte festen amaieran hartzen zuten parte herriko eragileek, bandera jaitsieran.
Urritza elkarteko ordezkariek pozarren hartu dute udalaren gonbidapena. "Eskertzen da gutaz gogoratu izana eta egiten dugun lana baloratzen dela ikustea. Bandera jaisteak ere ilusio handia egingo zigukeen, eta zer esanik ez, aurreneko eragilea izatea bandera igoko duena". Elkartean ibilitako kide ohiak eta gaur egungoak, denak elkartuko dira bandera jaitsieraren aurretik, eta "ezustekoren bat" egon daitekeela ere iradoki dute Urritzakoek, gehiago zehaztu gabe.
Jaietan arrantzale zapia soinean eramatea ere eskatuko du aurten udalak. "Etxean badutenek horixe jantzi dezatela, eta bestela, Turismo Bulegoan 2 eurotan daude salgai". 500 zapi egin dituzte, Gora salbatoreak! leloarekin. Bandera igotzearekin bat janztea, eta bandera jaitsieran eranztea proposatu du udalak.
Konpartsa eta danborrada
Horiek dira aurtengo bi berrikuntzak. Bestalde, konpartsa eta haurren danborrada bi urtez behin egiten dira festetan, eta aurten horiek ere tokatu dira. Konpartsaren koreografiak, ohi bezala, Isaak Aranberri zumaiarrak egin ditu. Adin guztietako 66 bikotek hartuko dute parte aurten, "inoiz baino gehiagok", adierazi dute antolatzaileek. Gaia 80ko hamarkada da, eta horregatik, tabernariak animatu dituzte egun horretan, Salbatore Deunaren Egunean, lokalak apaindu ditzaten garai hartako ezaugarriekin, eta musika ere garai hartakoa jar dezaten. "Tabernariei pasa diegu 80eko hamarkadako musikaz betetako pendrive bana", jakinarazi dute konpartsako kideek. Bestetik, herritarrak ere animatu dituzte garai hartako arropa janztera.
Goizean goizetik gogoraraziko diete hori herritarrei, gainera. Izan ere, Musika Bandaren diana hamarkada hartako piezak joz egingo dute, eta eguerdian eskainiko duen kontzertua ere, orduko musikan oinarrituta izango da. Hala jakinarazi du Ekaitz Esteban zinegotziak.
Haurren danborradari dagokionez, LH1 etik 6ra artekoek egingo dute, eta ibilbidea honakoa izango da: Balentziaga-Herrerieta-Plaza-Kale Nagusia-Artzape-Txeru.
EGITARAUA
Abuztuak 3, larunbata
- 12:30: Kalez kale kantuan ibiliko da Eragiyok abesbatza.
- 18:30: Haurren binakako esku pilota txapelketako finala, VI. Elkano Saria. Frontoian.
Abuztuak 4, igandea
- 12:00: Getariako X. Ikurrina estropadak. KAE1 ligako 12. jardunaldia.
- 18:30: Emakumeen binakako esku pilota txapelketako finala, III. Elkano Saria. Frontoian.
Abuztuak 5, astelehena. Gazteen Eguna
- 11:00: Paella lehiaketa, txosnagunean.
- 12:00: Txosnagunearen txupinazoa eta irekiera.
- 12:00: Jaiei hasiera emateko haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik.
- Ondoren, buruhandiak kaleetan zehar, Gazte Alaiak txistulariekin.
- 14:30: Gazteen herri bazkaria, Harritarten.
- Jarraian: Koadrilen arteko jolasak, Heriotzaren Karrotxarangak lagunduta. Txosnagunetik abiatuta.
- 16:00-20:00: Haur parkea frontoian eta plazan.
- 20:00: Brindis feminista, txosnetan.
- 23:00: Kontzertuak txosnagunean: Tokan2lapolla eta Ze Esatek!
- 23:00: Dantzaldia plazan, Laiotz taldearekin.
- 00:00: Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa. Urritzak igoko du bandera.
- Ondoren: Laiotz musika taldea, plazan.
Abuztuak 6, asteartea. Salbatore Deunaren Eguna
- 09:30: Diana, Getariako Musika Bandarekin.
- 11:00: Meza nagusia, Getariako Abesbatzak abestuta.
- 12:30: Ohorezko aurreskua udaletxe aurrean.
- 12:45: Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
- 17:00: Txosnen irekiera.
- 17:30: Salbatore Deunaren XXII. Pilota Txapelketako finalak, Gure Txeruk antolatuta. Frontoian.
- 18:00: Danz Jolas Jaia, Zirika Zirkusen eskutik. Haur animazioa, jolasak, dantzak etab. Plazan.
- 23:00: 80eko hamarkadako ikuskizuna, Getariako Konpartsaren eskutik.
- Ondoren: Makala DJarekin, 80eko hamarkadako festa, plazan. Txosnetan, DJak: Unia, Mario Azurza eta Arizonako Billy.
Abuztuak 7, asteazkena. Haur eta Gaztetxoen Eguna
- 09:00: VII. Futbito Txiki Txapelketa, frontoian.
- 17:00: Txosnen irekiera.
- 18:00: Haurren danborrada, Gure Txeruren eskutik. Getariako Musika Bandarekin.
- Ondoren: Buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan zehar, Jainekin txarangarekin.
- 19:00-21:30: Jainekin txaranga kalez kale.
- 21:00: Bertso afaria, txosnetan.
- 22:00: Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00: Dantza festa, Josu Rodriguez DJarekin. Plazan.
Abuztuak 8, osteguna
- Goizean goizetik: Txahal erretzea, frontoian (pintxoak arratsaldean).
- 11:00: VII. Patata Tortilla Lehiaketa, frontoian.
- 16:30: Getariako VIII. Baltsa Karrera.
- Jarraian: Rockalean, musika ibiltaria.
- 19:00: Pintxo dastaketa, frontoian.
- 19:30: Vintage Brothers ikuskizuna, Brasilgo Circolos taldearekin. Frontoian.
- 23:00: Getariako musika taldeen kontzertuak: Hortzaka, Intzak Hik eta Laubagoi. Txosnetan.
- 23:00: Tximeleta taldearen kontzertua, plazan.
Abuztuak 9, ostirala
- 09:30: Diana, Gazte Alaiak txistulariekin.
- 12:00: Hegaluzea parrillan eta sagardoa txotxetik. Frontoian.
- Eguerdian: Getariako txistulariak kalez kale.
- 13:30: Balkoitik balkoira bertsotan, Julio Soto eta Amaia Agirre bertsolariekin.
- 19:15: Kalera kalera kalejira txosnetatik abiatuta, eta ondoren, ekitaldia txosnetan.
- Ondoren: Elektrobuiaka txaranga, txosnetatik abiatuta.
- 20:00: Estampas de Mexico mariatxiekin kalejira.
- 21:00-00:00: Gau irekia Cristobal Balentziaga Museoan. Hugo Silveira Project bandarekin zuzeneko musika.
- 21:00: Mozorro festa: Girien inbasioa. Txosnetan.
- 23:00: Soinuz blai herriko erromeria taldea, txosnetan.
- 23:00: Estampas de Mexico mariatxiak, plazan.
Abuztuak 10, larunbata. Kuadrillen Eguna
- 10:00: Kuadrillen arteko XXIII. Marmitako Txapelketaren hasiera.
- 13:30: Marmitako txapelketako irabazleen aukeraketa, Berdura Plazan.
- 14:30: Kuadrillen arteko herri bazkaria, Harritarten.
- Bazkalostean: Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
- 17:30: Marmitako Txapelketako sari banaketa.
- 19:30: Kantujira, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin.
- 22:00: Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00: Kontzertuak txosnetan.
- 23:00: Luhartz taldearekin dantzaldia, plazan.
- 00:00: Ikurrinaren jaitsiera eta festen amaierako traka, Getariako Musika Bandak lagunduta.