Jon Larrañaga: "Arraunlariak pozik ikustea baino gauza handiagorik ez dago"

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 24a

Getariarrak lehen denboraldia du entrenatzaile lanetan, non eta herriko taldean. Oso arraunlari gutxi dauzka, eta oso gazteak gehienak. Hala ere, aurreko larunbatean, Getariak bandera irabazi zuen KAE 1 ligan. Aitor Manterola kazetariak egin dio elkarrizketa 'Berria' egunkarian.

Entrenatzaile berria da Jon Larrañaga (Getaria, Gipuzkoa, 1979), eta iturri onetatik edandakoa ari zaie erakusten Getariako arraunlariei: «Luxiaren [Luis Olasagasti entrenatzaile ohia] eta Hondarribiaren arraunkerarekin ibili naiz gusturen». Luze egiten du arraunean Esperantza traineruak, eta asko luzatu baino lehen irabazia du KAE 1 liga honetan bandera bat.

Zer da herriko taldearekin eta entrenatzaile hasi zaren denboraldian bandera irabaztea?

Zaila da azaltzen, baina sekulako poza daukat. Oso handia izan zen arraunlarien aurpegiak ikustea jakin zutenean bandera irabazi genuela. 17-18 urteko mutil gazteak, patroia ere gaztea... Latza izan da. Ilusioa neuri ere egin dit, baina arraunlarien emozioa ikustea izan da handiena niretzat.

Iazko udazkenean jaso zenuen herriko taldearen aurreneko deia, entrenatzaile berria eta arraunlariak batzeko laguntza eskatuz.

Hori da. Hasieratik nekien zein ziren zuzendaritzaren asmoak, eta nik lagundu egin nien entrenatzaile batzuen izenak ematen eta haiek buruan zeuzkaten batzuen inguruan nire iritzia ematen. Bere bidean jarraitu zuen zuzendaritzak, baina dena gaizki atera zitzaien.

Orduan deitu zizuten bigarrengoz, entrenatzaile izateko aukera eskaintzeko.

Bai. Estu zebiltzan, niri eskaini zidaten, eta baiezkoa eman nien. Arraunlariak deitu zituzten nirekin bilera bat egitera, eta hamalau bakarrik zeuden; batzuk zalantzan, gainera. Gero ezezkoa eman zuenik ere izan zen.

Irakurri elkarrizketa osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide