'Elkanoren Itsasoratzea' kultur jaialdia antolatu dute Getarian irailerako

Nerea Uranga 2019ko uztailaren 23a

Irailaren 14an eta 15ean izango da jaialdia, eta 'Mundubiraren ubera' lelopean iraganaz hausnartu nahi duen ekintza sortari hasiera emango dio. Herritarren eta Getariako eragileen parte hartzea oinarri hartuta antolatu eta egingo dute. Gaur eguerdian aurkeztu dute hedabideen aurrean Haritz Alberdi Getariako alkateak, Maialen Gereka herri eragileak eta Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioko zuzendariak.

Irailaren 14 eta 15eko astebururako Elkanoren Itsasoratzea kultur jaialdia antolatu dute Getarian. Ospakizun horretarako egitaraua antolatzen, prestatzen eta osatzen Getariako hainbat gizarte zein kultur eragilek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak parte hartu dute. Jaialdia "parte hartzailea, ludikoa eta dibulgatzailea" izango dela nabarmendu dute gaur, asteartea, hedabideen aurrean Getariako moilan egindako aurkezpenean. Bertan hitza hartu dute Haritz Alberdi Getariako alkateak, Maialen Gereka herri eragileak eta Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioko zuzendariak.

Lehen mundubira gogoratzeko antolatu dute iraileko jaialdia. Izan ere, Juan Sebastian Elkano kide zuen espedizio hura 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlucar de Barramedan (Cadiz, Espainia). Itsasoratze horren 500. urtemuga gogoratuko dute getariarrek. Elkano hiru urte geroago itzuli zen Victoria ontzian, beste hamazazpi itsasgizonekin batera; hilabete batzuk geroago Cabo Verdetik beste hamabi itsasgizon itzuli ziren.

Elkanoren Itsasoratzea jaialdia 2022ra bitartean jarraipena izango duen egitasmo zabal baten lehen ekintza izango dela zehaztu dute, Mundubiraren ubera lelopean egingo den ekitaldi sorta batena hain zuzen.

1519ko itsas espedizio hura merkataritza helburuekin abiatu zutela ekarri du gogora Haritz Alberdi Getariako alkateak. "Helburu ekonomikoarekin hasi zenak, ordea, ondorio askoz ere handiagoak izan zituen. Gizarte paradigma aldaketa ekarri zuen. Hiru urte geroago, egoera desberdinek baldintzatuta, inondik ere aurreikusita ez zegoen moduan amaitu zen espedizio komertzial hura, lehen mundubirarekin". Espedizio hartan Elkano getariarrak parte hartu zuen, baina hura posible egin zuen itsasgizon bakarra ez zen izan, Alberdiren arabera: "Elkano erabakiorra izan zen, baina ez mundubira hura posible egin zuen bakarra. Elkano fenomeno zabalago baten parte da. Mundubira osatu izana kultura baten isla da, espedizioa ere bere horretan kultura baten parte izan zen: euskal nabigatzaileen kopurua, ontzien jatorria... Horregatik diogu Elkano eta mundubira herri baten, gure herriaren, kulturaren adierazle direla, Getariakoarena eta Euskal Herrikoarena". Itsasoa Getariaren osagaia dela esan du, "gure herriaren garapenean eta kulturan eragin nabarmena izan duen gakoa".

Mundubiraren ubera lelopean eta ikuspegi amankomun batekin Getarian antolatuko den egitarau zabalago baten lehen urratsa da Elkanoren itsasoratzea jaialdia, Getariako alkateak zehaztu duenez. "Mundubira jakin-minez begiratu nahi dugu. Gure historia eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea ematen digu, gogoeta egiteko eta horrekin batera oroitzeko. 500. urtemugak horretarako aukera ematen digu". Ontziek atzetik uzten duten ur arrastoa bezala, mundubirak gaur egunera arteko "ubera" utzi du, eta Getariako herritarrek horri begiratu nahi diote, Alberdiren hitzetan: "Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke. Baina hori baino, iragana ezagutu eta ulertu behar eta nahi dugu. Gero, haratago etorkizuneko proiektuak hobeto bideratu ahal izateko, horiek baitira aldatu ditzakegunak. Horregatik, mundubira ardatz hartuta, Getarian 2022 artean ekintza desberdinak egingo ditugu, Mundubiraren ubera lelopean".

Irailerako antolatutako jaialdia getariarren "gogotik" sortu da,  eta herritarren parte hartzearekin "diseinatzen eta antolatzen" ari dira. Gainera, getariarrek inguruko herrietakoekin elkarbanatu nahi duten jaialdia dela adierazi du Alberdik, "bereziki, mundubirarekin lotura izan zuten euskal udalerrietako bizilagunekin".

Egitarau zabaleko jaialdia
Irailaren 14an eta 15ean ospatuko den Elkanoren Itsasoratzea jaialdia herritar guztiak kontuan hartuta antolatuko dutela azaldu du Maialen Gereka herri eragileak, "Elkano gogoratzeaz gain, historian zehar itsasora joan diren milaka euskaldunak ere gogoratu nahi ditugu". Askotariko ekintzak izango dira, denak doakoak: jolasak, tailerrak, musika, sukaldaritza lehiaketa bat, herri bazkaria eta erakusleiho lehiaketa izango dira, besteak beste. Sukaldaritza lehiaketak eta herri bazkariak espeziak eta arroza izango ditu protagonista. "Arroza eskifaiaren oinarrizko elikagaia izan zen eta espeziak bidaiaren jatorrizko motibazioa", azaldu du Gerekak.

Horrez gain, itsasoratze sinboliko bat egingo dute, eta bertan mundubiraren espedizioan parte hartu zuten Euskal Herriko hainbat udalerritako ontziak izango dira. "Mundubira bilakatu zen espedizioarekin harremana izan zuten udalerriak ordezkatuko dituzten ontziak gurekin egotea nahi genuke. Esate baterako, Ondarroakoak, Lekeitiokoak edota Bermeokoak", gainera du Gerekak.

Getariako saltokietan, berriz, erakusleiho lehiaketa egingo dute, eta mundubirako herrialde desberdinak izango dituzte apaintzeko gai gisa.

Asteburuaren aurretik, solasaldiak

Jaialdiaren asteburuaren aurreko asterako ere hainbat ekitaldi antolatuko dituzte: hitzaldiak, solasaldiak eta San Anton menditik behaketa astronomiko bat, tartean. Ion Irurzunen arabera, Elkano 500 Fundazioaren irizpideekin bat eginez antolatuko dituzte ekintza horiek, "ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko dituzten hitzaldiak izango dira. Mundubira ikuspegi desberdinetatik aztertzeko asmoz solasaldiak egingo dira, filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak diren pertsonen parte hartzearekin".

Behaketa astronomikoa, berriz, Aranzadiren eskutik antolatuko dute. "Izarrei begira nabigatzen zuten XVI. mendeko itsasgizonek, eta guk ere pixka bat ikasteko aukera izango dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide