Ezustekoak ezusteko, elkarlanerako prest dira Getariako Udalean

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 18a

Getariako lehen udal bilkuran ordainsariak, batzordeak eta batzarren maiztasuna erabaki dituzte. EAJk ez ditu onartu batzarreko ia gai guztiak.

Haritz Alberdik alkate kargua hartu osteko lehen udalbatzarra egin zuten hilaren 10ean Getariako Udalean. Hasi berri den agintaldiko hainbat gai erabaki zituzten batzarrean: alkatearen eta zinegotzien ordainsariak, batzordeak eta udal bilkuren maiztasuna, besteak beste.

Aktak onartu eta alderdi bakoitzeko bozeramaileak zehaztu ondoren —Aitor Urresti EAJtik eta Ibon Gereka EH Bildutik—, gainontzeko batzarreko gai guztietan jeltzaleek ezezko botoa emango zutela iragarri zuen Urrestik, "lanketa traketsagatik". EAJren bozeramailearen hitzetan, ez zuten aurrez EH Bilduren proposamenaren dokumenturik jaso. Ibon Gereka EH Bilduko zinegotziak, gaia udalbatzarrera eraman aurretik, bileran izandako jarreraren inguruan galdetu zion Urrestiri. Hain zuzen ere, Gerekaren arabera, aurrez egindako bileran koalizioak egindako proposamenekiko ados agertu zen EAJ.

Aurreko negoziaketak
Batzordeak elkarbanatzeko proposamenarekin batera aurkeztu zien EH Bilduk beren proposamena jeltzaleei. Urrestik azaldu duenez, proposamena ez da idatziz haien esku jarri: «Idatziz ideia batzuk aurkeztu zizkiguten, baina ez Udal Gobernu gisa zein zen beraiek egiten zuten proposamen zehatza».

Negoziatutako kontuetako bat zen zinegotziek jaso beharreko diru kopurua: EH Bilduk zinegotzi bakoitzak hileko 100 euro jasotzea proposatu zuen; 150 euro EAJk. Batzordeburuei, berriz, urteko 140 euro ematea aurreikusi zuten bi aldeek, eta talde politikoei 2.000 euro. Jeltzaleek bozeramaileei ere dirua ordaintzea proposatu zuten: 250 euro hileko.

Horrez gain, udaleko batzordeak beste maiztasun batekin biltzea planteatu zuten —hirigintza eta kultura hilero—, eta EH Bilduk onartu egin zuen EAJk egindako proposamen hori. Hala, bien planteamenduak oinarri hartuta, adostasun batera iritsi ziren. Horrek igoera bat ekar dezakeela jakitun da Gereka, baina hala adostu zutela gogoratu du: "Azkenean, ordea, ezetz bozkatu zieten beraiek proposatutako neurriei". Beren planteamendua izan ez arren, ahalegin bat egin zutela uste dute EH Bildukoek.

Urrestik eta haren alderdikideek gai denei ezezko botoa emago zietela iragarri ondoren, akordioa bertan behera geratu eta aurretik zuen proposamen hari eustea erabaki zuen EH Bilduk.

Azken zortzi urtean ez da igoerarik izan Getariako Udaleko zinegotzi eta alkateen ordainsarietan. Koalizioak ordainsari horiek %10 igotzea aurreikusi du agintaldi honetan, azken urteetako KPIaren jaitsiera berreskuratzeko. Liberazioak ere erabakita geratu dira: lanaldi osoan jardungo du Haritz Alberdi alkatea eta lanaldi erdian Ibon Gereka zinegotzia.

Adostasunerako prest
EH Bilduko kideek aitortu dute "ezustekoa" jaso zutela EAJko zinegotziek izandako "jarrera aldaketarekin". Hala ere, koalizioa akordioetara eta adostasunera iristeko "prest" da. "Iritzi aldaketa bat egon da, baina ez dugu haririk etengo", azaldu du Gerekak. Urrestik azaldu duenez, gutuna igorri diote EAJ alderdiaren eta udal taldearen izenean Haritz Alberdi alkateari: "Hitz egiteko prest gaudela esan diogu Alberdiri. Agintaldi honetako gai garrantzitsuak adosteko bi batzorde berezi egitea proposatu diogu". Haren hitzetan, elkarlanerako prest izango dira agintaldi honetan.

BATZORDEAK ETA BATZORDEBURUAK

Euskara eta kultura. Itziar Larrañaga.
Gazteria eta kirola. Ekaitz Esteban.
Ongizatea. Ane Loidi.
Parte hartzea. Ibon Gereka.
Hirigintza eta ingurumena. Haritz Alberdi.
Tokiko garapena. Haritz Alberdi.
Ogasuna eta kontuetarako berezia. Nahia Iturbe.
Hezkuntza. Nahia Iturbe.

ERAKUNDEETAN UDAL ORDEZKARIAK

Urkome. Haritz Alberdi (Ordezkoa: Ibon Gereka).
Gipuzkoako Ur Partzuergoa. Haritz Alberdi (Ordezkoa: Ibon Gereka).
Eudel. Haritz Alberdi (Ordezkoa: Ibon Gereka).
Balenciaga Fundazioa. Haritz Alberdi (Ordezkoa: Ibon Gereka).
Urola Kostako Udal Elkartea. EH Bildutik Ibon Gereka (Ordezkoa: Haritz Alberdi) eta EAJtik Aitor Urresti (Ordezkoa: Itziar Etxarte).
Uema. EH Bildutik Itziar Larrañaga (Ordezkoa: Haritz Alberdi) eta Ibon Gereka (Ordezkoa: Ane Loidi) eta EAJtik Aitor Urresti (Ordezkoa: Itziar Etxarte).
Mundubira 500. Haritz Alberdi (Ordezkoa: Ibon Gereka) eta Aitor Urresti (Ordezkoa: Itziar Etxarte).
Udalbiltza. Ibon Gereka (Ordezkoa: Haritz Alberdi).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide