Getariako Salbatore jaietako hiru txapelketetako izen-emateen berri eman du udalak

Nerea Uranga 2019ko uztailaren 12a

Abuztuaren 5etik 10era ospatuko dira Getarian Salbatore jaiak. Festen egitarauaren barruan, futbito txiki, patata tortilla eta marmitako txapelketak antolatu dira. Horietan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, eta epeen eta baldintzen berri eman du Getariako Udalak.

Getariako Udala hasi da Salbatore jaietarako egitaraua prestatzen. Abuztuaren 5etik 10era bitartean izango dira Getarian festak, eta hiru txapelketa jokatuko dira: IX. Futbito Txiki Txapelketa abuztuaren 7an (asteazkena), Gazteen Arteko VII. Patata Tortilla Txapelketa abuztuaren 8an (osteguna) eta XXIII. Marmitako Txapelketa abuztuaren 10ean (larunbata). Hiru lehiaketa horietan izena emateko eta parte hartzeko baldintzen berri eman du udalak.

IX. Futbito Txiki Txapelketa abuztuaren 7an jokatuko da, 09:00etan hasita, herriko frontoian. Txapelketa honetan LH1etik DBH 2ra arteko getariarrek har dezakete parte, taldeak gutxienez bost jokalariz osatuta. Izena emateko epea zabalik dago, eta horretarako aukera uztailaren 29ra bitartekoa izango da. Izena Getariako Turismo Bulegoan eman behar da. Lau mailatan banatuta jokatuko dute haur eta gaztetxoen futbito txapelketa: A mailan, LH 1 eta 2koek; B mailan, LH 3 eta 4koek; D mailan, LH 5 eta 6koek; eta E mailan DBH 1 eta 2koek.

Abuztuaren 8rako, berriz, Gazteen Arteko VII. Patata Tortilla Txapelketa antolatu dute. Kasu honetan, bikoteka, 14 urtetik 18 urtera arteko gazteek parte har dezakete. Txapelketa 11:00etan hasiko da, eta 12:30ean bukatutzat emango dute. Kasu honetan ere, izena emateko epea zabaldu du udalak, eta uztailaren 29ra bitartean eman behar da, Turismo Bulegoan. Tortilla txapelketarako bikote bakoitzak honako tresneria eraman beharko du: zartagina, labana, sardexka eta osagaiak nahasteko eta tortillari buelta emateko ontzia. Antolatzaileek bikote bakoitzarentzat, berriz, honakoak jarriko ditu: 4-5 patata, 8 arrautza, olioa, gatza eta sua. Irabazlea erabakitzeko epaimahaiak kontuan hartuko ditu tortillaren itxura, zaporea eta  sukaldarien jantziak.

Abuztuaren 10ean, Getariako festetako Kuadrillen Egunean, beste txapelketa gastronomiko bat jokatuko da, XXIII. Marmitako Txapelketa. Kasu honetan, uztailaren 17tik 24ra (13:00ak bitartean) eman behar da izena, Turismo Bulegoan.  Taldeek bi sukaldariz osatutakoak izan beharko dute, eta bietatik batek getariarra izan beharko du. Uztailaren 26an izena eman dutenen artean zozketa egingo dute. Iazko bikote irabazleak zuzenean parte hartzeko aukera izango du, eta iazko zozketan kanpora gelditutakoak aurten zuzenean sartuko dira. Txapelketako parte hartzaile kopurua 38 bikote izango da, eta gero bazkaltzeko 600 lagunentzako tokia egongo da (otordurako txartelak uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean salduko dituzte).

Marmitako txapelketako antolatzaileek osagaiak, sua eta lapikoa jarriko dituzte, eta gainontzeko tresneria bikote bakoitzak eraman beharko du. Bikote bakoitzak hogei lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du. Lehiaketa 09:15ean hasiko da plazan, eta lekuak zozkatu ondoren hasiko dira sukaldeko lanetan. 13:00etarako su  guztiak itzalita egon beharko dute, eta 13:15ean epaimahaiak bere lana hasiko du. Hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, 180 euro; eta hirugarrenak, 120 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide