San Anton Bira itsas zeharkaldia jokatuko dute lehen aldiz igandean, Getarian

Aritz Mutiozabal 2019ko uztailaren 10a

Herriko bi hondartzak lotuko ditu igeriketa probak, Gaztetapetik hasi eta Malkorben bukatuz. Ibilbideak 2.600 metro ditu, eta momentuz 235 lagunek eman dute izena.

Getaitriko kideak eta hainbat herritar itsas zeharkaldia prestatzeko topaketa batean, Malkorbe hondartzan. (Getaitri Triatloi Kluba)

Getaria-Zarautz zeharkaldi entzutetsuaren atarian, hain justu astebete lehenago, itsaso zabaleko igeriketa proba berri bat jokatuko da eskualdean: I. San Anton Bira. Honako hau ere Getariatik abiatuko da, baina ez hori bakarrik, herrian bertan bukatuko baita. Hala ere, ez ditu irteera eta helmuga toki berean izango: herriko bi hondartzak lotuko ditu, Gaztetapetik Malkorbera igeri eginez, San Anton mendia inguratuz. Getaitri Triatloi Klubak antolatu du Zarautz Balea Igeriketa Taldearekin elkarlanean, eta igande honetan egingo dute, 11:00etan hasita.

«Herrian aspalditik buruan zegoen proba bat zen, baina sekula egin ez zena», aditzera eman du Getaitri Triatloi Klubeko presidente Iban Arangurenek. Jakina da Getariak asko duela itsasotik, baina ez bereziki igeritik. «Ez du izan tradizio handirik horretarako», zehaztu du Arangurenek. «Azken urtetan, ordea, gauzak aldatu egin dira. Triatloiaren gorakadak, eta, era berean, surflarien gero eta prestakuntza hobeak igeriketarako aukerak zabaldu egin ditu». Hori guztia kontuan izanda, proba antolatzeko erronka polita izango litzatekeela iruditu zitzaien.


Polita eta fisikoa
Ingurune eder batean jokatuko den zeharkaldi irekia dela dio Getaitriko presidenteak, parte hartzaileak «gustura» aritzeko modukoa. Gainera, «iruditzen zaigu ibilbidea oso polita izan daitekeela eta, aldi berean, oso fisikoa, San Anton mendiari buelta eman beharko diote, haitzen inguruan».

Ibilbideak kanpotik laburragoa dirudien arren, 2.600 metro luze ditu. «Horren lineala ez denez, itxura hori ematen du: ez dela horren luzea. Oinez hondartza batetik bestera bost minutuan joan zaitezke, baina igerian zirkulu baten perimetroa hartzen du». Gaztetapetik abiatuko dira igerilariak, jarraian San Anton mendiaren ertzetik jarraitzeko; Izarri punta gainditu ondoren, Masoparri alderantz joko dute, eta handik moilako dikeetara, azkenik Malkorbe hondartzan helmugaratzeko.

Ibilbidea erakargarria ez ezik, exijentea ere bada. Nolanahi ere, Arangurenek igerilariak lasaitu nahi ditu, urte sasoi honetan itsaso ona izaten dela nabarmenduz. Jendea dagoeneko proba aurrez egiten aritu da prestaketa gisa. Herri mailan ere bizpahiru aldiz elkartu dira zeharkaldia batera osatzeko. «Arrain nahastua joan ginen. Adin eta egoera fisiko ezberdinetako lagunak, ibilbidea ezagutzeko eta konfiantza hartzeko», azaldu du.

Probaren egunean, gainera, ibilbidea buiaz seinalizatuta egongo da eta segurtasuna bermatuko duten hainbaten laguntza izango da uretan: Gurutze Gorriaz aparte, uretako motorrak, piraguistak eta txalupa motordunak, besteak beste.

Getaitriko presidenteak azaldu duenez, Zumaiako itsas zeharkaldia izan dute nolabait erreferente. Izan ere, Getaria-Zarautzek ongi irabazitako sona daukala iruditzen zaie, baina sortze prozesuan ez direla haiei begira jarri. «Zumaiarrak, adibidez, 280 parte hartzaile inguru izan zituzten iaz, eta guk aurten, gure sorreran, 200-300 tarte horretan ibiltzea espero dugu». Izena Kronoak.com webgunean eman daiteke, eta epea bihar gauerdian bukatuko da. Atzo eguerdiko datuen arabera, 235 lagunek emana zuten izena proban. Beraz, antolatzaileen aurreikuspenak betetzen ari dira. Eta argi dute, gainera, San Anton Bira itsas zeharkaldia jarraipena izateko asmoarekin jaio da.


«Itzalik egin gabe!»
Zeharkaldiko lehen hiru sailkatuentzat sariak egongo dira, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Baita lehen emakume eta gizon getariarrentzat ere. Era berean, senior, master, master+, beterano 1 eta beterano 2 mailetako lehen emakumeek eta gizonek beraien oroigarria jasoko dute. Baina lehiakorra izateaz haratago, «proba herrikoia» izatea nahi dute antolatzaileek. «Inorrek inorri itzalik egin gabe!».

Horregatik, zeharkaldiaren amaieran, anoa postuaz gain, parrilada bat antolatuko dute Gurutze Gorriaren eraikinaren ondoan. «Triatloian ere antolatu ohi dugu, eta egia esan asko gustatzen zaigu. Iruditzen zaigu jendea batzen duela bakoitzak lortzen duen denboraz aparte. Giro polita sortzeko, azken finean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide