Iritsi da Getariara 'Juan Sebastian Elcano' itsasontzia

Amaia Urbieta Arruti 2019ko uztailaren 6a

Elkanoren Zeruertza egitasmoaren hitzordu garrantzitsuenetarikoa zen gaurkoa. 'Juan Sebastian Elcano' itsas armadaren ontzia Getariara iritsi da, 20:00ak aldera. Arratsaldean zehar, moilara iristen joan dira Euskal Kostaldeko 28. belaontzi estropadako partehartzaileak, eta horiek barrutik ikusteko aukera izan dute bertaratu direnek. Horrez gain, moilan bertan hainbat postu ere izan dira: Donostiako Aquariumekoa, Zaporeak proiektukoa, Arazikoa, Euskal Itsas Museokoa...

Indar polizialen presentzia nabarmena izan da gaurkoan Getarian. Airetik, itsasotik, errepidetik eta moilatik bertatik zaindu dute ekitaldia. Itsasontzia moilan sartu denean tripulazioko kideek ikusten zeudenak agurtu dituzte irribarrez, eta zenbait ikuslek txalotu egin dute armada. Izan da Espainiako banderarekin bertaratu denik ere.

Bihar egun osoan zehar izango dute itsasontzia bisitatzeko aukera sarrera erosi dutenek. 09:30ean instituzioen agerraldia izango da, eta 12:30ean lore eskaintza egingo diete ontzidietako kideek Juan Sebastian Elkanori, udaletxearen aurrean.

Txanponaren bi aldeak

Ehundaka pertsona Espainiako itsas-armadaren itsasontziari txaloka ari ziren bitartean, Alde Zaharrean kolore horia izan da nagusi. Etxeu Nahi dinamikako kideek bertso poteoa antolatu dute ordu horretan, eta kaleak girotu dituzte Libe Goenaga, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Danel Olano bertsolariek.

Hain zuzen ere, bihar, 09:30ean Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen ekitaldia izango da moilan, ekitaldi instituzionalarekin batera eta, 12:00etan, elkarretaratze antimilitarista egingo dute udaletxearen aurrean.

[gallery size="medium" ids="377866,377867,377868,377869"]

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide