Zarakatun batukada taldeak girotu ditu turistaz betetako Getariako kaleak goizean. Kamiseta horiekin jarraitu diete dozenaka getariarrek, asteburu honetan herrian izango diren ekitaldiak salatzeko. Elkanoren Zeruertza egitasmoaren barruan, Espainiako itsas-armada izango da Getarian, eta besteak beste, Juan Sebastian Elcano ontzia sartuko da portura.
Etxeu Nahi herri mugimenduak "Espainiako indar okupatzaileek herriko kaleak hartzea" salatu du, haien hitzetan, "getariar gehienentzat armadaren presentziak zilegitasunik izan ez arren, presentzia hori normalizatzea dakar Elkanoren Zeruertzak".
Hori hala izanik, egun osorako egitaraua prestatu dute gaurkoan. Astean zehar kamiseta horiak eta ikurrinak saltzen aritu dira herri mugimenduko kideak, eta gaur, batukada, bazkaria eta bertso poteoa antolatu dituzte. 19:00etan izango da bertso poteoa eta, ordurako, zabalik egongo da Elkanoren Zeruertza egitasmoaren karpa.