Espainiako itsas-armadaren Juan Sebastian Elcano ontziaren egonaldia dela eta, Etxeu Nahi herri mugimendua sortu dute zenbait getariarrek. Jakinarazi dutenez, "izaera anitzeko" hainbat herritarrek osatzen dute taldea. Hain zuen ere, asteburuan Espainiako indar okupatzaileek kaleak hartuko dituztela salatzera dator Etxeu Nahi. Espainiako armada "inperialismoaren hedakuntzan, herrien konkistan eta dominazio harremanen inposizioan" ezinbesteko papera izan duen erakunde armatua da, Etxeu Nahiren ustez.
Juan Sebastian Elkanoren irudia goratzeaz gain, "espainiar inperialismoa ezkutatzen eta zuritzen" duela dio mugimenduak. Haien hitzetan, getariar gehienentzat armadaren presentziak zilegitasunik izan ez arren, presentzia hori normalizatzea dakar Elkanoren Zeruertzak.
Itsas-armadaren egonaldia justifikaezina dela iruditzen zaie: "Nahiz eta batzuek ez duten ikusi nahi, denak ez du lekua aniztasunaren eta askatasunaren izenean. Inguruko zenbait eragilek trabarik jarri gabe haien etorrera justifikatzen badute ere, guk argi dugu: Etxeu Nahi!".
Jarduera ugari iragarri du mugimenduak larunbaterako. "Kamiseta horien uholdea", batukada, herri bazkaria, bertso poteoa, kontzertuak eta beste hainbat ekintza izango dira. Elkanoren Zeruertzaren barruan antolatutako ekitaldiek iraun bitartean uholde horiak herria hartu dezan, kamisetak eta ikurrinak saltzen izango dira gaur eta bihar mugimenduko kideak, 18:00etatik 20:00etara bitartean, kalean.