Getariako EH Bildu eta EAJ: "Espainiako Armadaren agerraldiak ez datoz bat herriaren ezaugarriekin"

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 4a

Larunbatean eta igandean Getarian izango da itsas armada espainiarreko 'Juan Sebastian Elcano' eskola-ontzia, eta herritar batzuek protesta eguna antolatu dute. Udaleko bi alderdiek, berriz, adierazpen bateratua kaleratu dute.

 

Getariarren artean ezinegona sortu du asteburuan herrian izango delako Espainiako Armadako Juan Sebastian Elcano eskola-ontzia. Esaterako, herritar batzuek Etxeu Nahi eguna antolatu dute astebururako.

Getariako Udaleko bi alderdiek ere beren desadostasuna agertu dute, medioetara gaur bidali duten ohar bateratuan, Getariako Udalaren izenean. EH Bilduk eta EAJk oharraren hasieran azaldu dutenez, "urteak dira itsas armadako ontzia Getariara etortzen dela, eta honek beti eragin izan du jarrera arrotza herritarren gehiengoaren artean, itsas ontziak duen karga sinbolikoagatik".

Hala, bi alderdiek argi erakutsi nahi izan dute oharrean Getariako Udalaren jarrera: "Getariako Udalak argi du gure nazioa Euskal Herria dela, eta beti defendatuko dugu Euskal Estatu bat eratzea. Hala adierazi dute herritarrek ere, ikusita udal berriaren osaera abertzalea". 

Ondorengo puntuak bildu dituzte adierazpenean, hitzez hitz:

1. Getariako Udalak Espainiako Itsas Armadaren Juan Sebastian Elcano ontziak eragiten duen balore sinbolikoaren aurkakotasuna adierazten du.

2. Getariako Udalak, Euskal Herriaren nazio izaera erreibindikatzen du, eta estatu subirau independente bat lortzeko lanean jarraituko duela adierazten du.

3. Getariako Udalarentzat Espainiako Armadaren agerraldi eta erakustaldiak ez datoz bat herriaren ezaugarriekin.

4. Getariako Udalak herritarrei probokazioetan ez erortzeko dei egiten die, eta modu baketsuan adieraz dezatela izan dezaketen ezinegona.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide