Moda eta ilustrazioa lotzen dituen #FinaEstampa_ erakusketa zabaldu dute Balenciaga museoan

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 4a

Nazioarteko 22 artista garaikideren 150 lanek osatzen dute moda-ilustrazioaren inguruko erakusketa. Ilustrazioa, berez, arte-adierazpide bat dela aldarrikatzera dator #FinaEstampa_.

Atzo aurkeztu zuten Cristobal Balenciaga museoan #FinaEstampa_ Moda eta Ilustrazioa erakusketa. Bertan izan ziren, Miren Vives museoko zuzendariarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Joxean Muñoz, Museo ABC fundazioaren presidente Soledad Luca de Tena, CaixaBanken Euskadiko instituzioen zuzendari Alvaro Irueta eta erakusketaren komisarioa, Jesus Cano.

Irailaren 29ra bitarte ikusi ahal izango da Madrilgo ABC fundazioak ekoitzitako lana. Madrilen estreinatu zuten erakusketa urtarrilean, eta Luca de Tenaren hitzetan, are arrakasta handiagoa izango du Getarian. Joxean Muñozek azaldu zuenez, “oso interesgarria” da obrek erakusten dutena: “Diseinuaren hasiera da ilustrazioa”. Balenciagak aurrez marraztu gabe eraikitzen bazuen ere, “egokia” iruditzen zaio bilduma Geraiako museoan erakusteko.

Askotariko ilustrazioek osatzen dute bilduma eta errotulagailuz, arkatzez, akuarelaz zein euskarri digitaletan sortutakoak dira. Cano erakusketaren komisarioak dionez modaren eta ilustrazioaren arteko lotura desagertu da azken hamarkadetan. Instagram sare soziala izan da marrazkilarien leiho nagusia: “Instagramen bitartez ezagutu dituzte marka handiak eta komunikabideak. Traola bakar batekin, marka handiekin lan egitea ere lortu dute batzuk”.

Modari lotutako diziplina artistiko honen indarra eta eragina egiaztatzeko “aukera paregabea” da erakusketa, Balenciaga museoko kideen ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide