Elkanori Bira ekimena sortu dute, "historiak isilarazitakoak ezagutarazteko"

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ekainaren 30a

Elkanoren bosgarren mendeurrena "aitzaki hartuta", historia "gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu" nahi dutela salatu dute hainbat elkartek eta norbanakok. Hala, Elkanori Bira ekimena jarri dute martxan, "Elkanoren eta historia eurozentristaren hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko". Gutxienez 100 norbanako eta eragilek sinatu dute Elkanori Birak abiapuntu modura argitaratu duen manifestua.

(Elkanori Bira)

Getarian aurki ospatuko dute Joan Sebastian Elkanoren bidaiaren bosgarren mendeurrena, eta besteak beste, Elkanoren Zeruertza proiektuak antolatutako ekimenak izango dira datozen egunetan. Dena den, ospakizunetatik urrun, bestelako erantzunak ere izan dira urteurrenaren harira. Esaterako, gaur bertan eman dute Elkanori Bira egitasmoaren sorreraren berri.

Elkanori Bira martxan jarri duten kideek azaldu dutenez, helburua da "Elkanoren eta historia eurozentristaren inguruan hausnarketa bultzatzea eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzea"; hala nola, "emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak". Izan ere, mendeurrena "aitzaki hartuta", historia "gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu" nahi dutela salatu dute egitasmoarekin bat egin duten talde eta norbanakoek. "Kontakizun ofiziala indartzeko dirutza publikoa inbertitu" dutela ere azpimarratu dute; adibidez, zineman, telebistan, kongresuetan edo bestelako kultur adierazpenetan.

"Elkano, ordea, ez zen izan erakutsi zaigun itsasgizon eta merkatari eredugarria. Oran hiriaren konkistan aritu zen Cisneros inkisidore handiarekin batera, eta 1519-1522 urteen arteko bidaian ere batean eta bestean hildakoak eta bortxatuak utzi zituzten, bidaide izan zituen Antonio Pigafettaren eta Francisco Alboren egunerokoek erakusten duten moduan", azaldu dute. Beraz, Elkano "omentzea eta eredutzat aurkeztea zentzugabekeria" dela adierazi dute Elkanori Birako kideek, horrek "etorkizuna baldintzatzen duelako": "Irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza. Guk, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiogu ateak".

Adierazi dute mendeurreneko ospakizunen oinarrian dagoena "gaur egungo mundua, historia eta botere harremanak ulertzeko modua" dela; hau da, "europarrek egindakoa akritikoki onartzen duen historia. Hiltzaileek idatzitakoa". "Egia azaleratzeko garaia da. Mendeurrena horretarako ispilu egokia denez, oraingoan, ez dugu isilik geratu nahi izan. Erakunde publikoei dagokie historia, ondarea eta memoria zaintzea. Baina kasu honetan, ezkutatu egiten dute", diote. Horren aurrean, "pedagogia lana" egingo dutela iragarri dute, "isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko".

100 sinatzaile

Elkanori Birak manifestu bat argitaratu du abiapuntu modura, eta dagoeneko jakinarazi dute lehen 100 sinatzaileen zerrenda ere. Norbanakoek zein taldeek egin dute bat komunikatuarekin. Sinatzaileen artean daude Uxue Alberdi Getariako bizilaguna, Idoia Arrieta Getariako historialaria, Gari Berasaluze zarauztarra edota Axier Lopez zumaiarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide