Bukatu berri den 2018-2019 ikasturtean euskara ikasten jardun duten Getariako herritarrek dirulaguntzak eska ditzakete udalean. Dirulaguntza eskaera uztailaren 15a baino lehen egin beharko da Getariako udaletxean.
Euskara ikastaroak egiteagatik dirulaguntza eskatzeko honako baldintza hauek bete beharko direla zehaztu du Getariako Udalak: batetik, euskara ikastaroa jaso bitartean Getarian erroldatuta egotea, eta bestetik, ikastaroko orduen %80 jaso izana ziurtatuta izatea.
Dirulaguntza eskaera Getariako udaletxean egin beharko da uztailaren 15a baino lehen, eta eskaera egiteko orduan hainbat agiri aurkeztu beharko dira. Hala nola, NANaren fotokopia bat; ikasle-agiriaren edo langabezia txartelaren fotokopia bat, izanez gero; euskara ikastaroko matrikularen ordainagiria; eta, euskara ikastaroa egin izanaren eta %80ko asistentzia ziurtatzen duen egiaztagiria. Azken bi agiri horiek ikastaroa eman edo antolatu duen erakundeak egindakoak izan beharko dutela azaldu du udalak.