Hegaluzearen kanpaina hasteko prest dira Getarian

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko ekainaren 19a

Getariako traineruaren izenari jarraiki, hegaluzearen kanpaina ona izatea espero dute arrantzaleek. "Hori da gure esperantza", esan dute azken prestaketa lanak egiten ari diren arrantzaleek. Iaz, esaterako, harrapaketa ona egin zuten eta kupoa uste baino lehenago amaitu zuten, abuztua bukaerarako. Orioko itsasontziak atzo irten ziren arren, gaur eta bihar artean aterako dira Getariakoak itsasora. Guztira, hamabi bat itsasontzik osatzen dute flota, eta horietako bizpahiru arratsaldean aterako dira; gainerakoek, bihar ekingo diote kanpainari.

Hain zuzen, bihar hasiko dutenen artean, Pedro Jose Berria itsasontzia dago. Bertan egiten du lan Kepa Larrañaga getariar gazteak, eta kontatu duenez, dagoeneko hegaluzea arrantzatzen ari dira. 

"Aparejoekin arrantza egiten duten itsasontziak dagoeneko itsasoan dira, eta arrantzatzen dabiltzala badakigu. Arrantza mota hori egiten dutenek kanpaina lehenago hasten dute" kontatu du. "Guk, berriz, kainaberarekin harrapatzen dugu hegaluzea", gaineratu du Larrañagak. Kanpaina hasita duten itsasontzi horiek nondik dabiltzan galdetzean, sakelako telefonoa hartu eta web orrialde bat bisitatu du. Bertan, arrantzan dabiltzan ontzi bakoitza non dagoen ikusi du. "Santander inguruan daude", azaldu du.

Prestaketa lanak
Arrantzaleen joan-etorria handia izan da gaur Getariako portuan: paletak garraiatzen ibili dira alde batetik bestera, tresneria prestatzen, itsasontziko hozkailuak izotzarekin betetzen… Ontzi guztiak moilan zeuden geldirik, eta jende ugari egon da arrantzaleen lanari begir. "Batez ere itsasontzia ongi dagoen aztertzen dugu, eta, gero, hozkailuak prestatzen ditugu. Antxoaren kanpaina egitean hozkailuak modu batean antolatzen dira, eta hegaluzearen denboraldian beste batean. Beraz, dena txukun eta egoki jarri behar dugu", kontatu du arrantzale batek.

Etxetik kanpo zenbat egun egingo dituzten jakin gabe aterako dira, eta familiarekin eta lagunekin egoteko aprobetxatuko dituzte irten aurreko azken orduak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide